Mundua -
Alarma erradioaktiboa Japonian
Tokion haurrei iturriko ura ematea debekatu dute erradiazioa dela eta
- Tokion gomendatutako maila bikoizten duen iodo kopurua atzeman diote urari.
- Fukushima inguruan ohikoa baino 400 aldiz handiagoa da erradiazio maila.
- 3. erreaktoreko langileak ebakuatu dituzte.
Erredakzioa
Urtebetetik beherako haurrei iturriko urik ez emateko eskatu dute Tokioko agintariek. Izan ere, haurrentzat gehienez ere gomendatzen den iodo mailaren bikoitza neurtu dute bertan.
Hiriburuko iparraldean dagoen ur-biltegi batean haurren osasunarerako kaltegarria izan daitekeen erradiazio-maila atzeman dute. Hori dela eta, 23 auzotan eta inguruko bost barrutitan haurrei iturriko urik ez emateko eskatu dute.
Tokioko alkateak, Shintaro Ishiharak, "lasaitasuna" eta "zuhurtzia" eskatu dizkie hiritarrei eta helduek iturriko ura kontsumi dezaketela gaineratu du.
Erradioaktibitate maila handia
Zentralaren inguruko 40 kilometroko eremuan atzemandako erradiazioa ohikoa baino 400 aldiz handiagoa da.
Japoniako Exekutiboak Fukushiman ekoizten diren hainbat barazkiren kontsumoa debekatu du kutsatuta daudelako. Besteak beste, ziazerbak, azak eta brokoliak kontsumitzaileen osasunerako kaltegarria izan daitekeen erradiazio-maila dute, adituek egindako azterketen arabera.
Horrez gain, Ibaraki eskualdeko esnea eta perexila kontsumitzea ere debekatu dute.
Fukushimako zentrala
Fukushimako zentral nuklearreko 3. erreaktorean lanean diharduten beharginak ebakuatu egin dituzte ke beltza irteten hasi delako.
Hiru eguneko epean bigarren aldiz atzeman dute kea 3. erreaktorean, NHK telebista kateak elkarrizketatutako adituek esan dutenez ke hori ez da lurruna.
Bestalde 2. erreaktorea hozteko lanak bertan behera utzi dituzte erradiazio maila handia atzeman dutelako.
Horrez gain, Richter eskalan 4,7 graduko lurrikara batek zentralaren ingurua astindu du.
Biktimen balantzea
Joan den martxoaren 11n izandako lurrikara indartsuaren eta tsunamiaren ondorioz gutxienez 9.200 pertsona hil dira eta 14.000 herritar desagertuta daude.