Mundua -
Suzano (Sao Paulo)
Tiroketa batek gutxienez hamar hildako utzi ditu Brasilgo ikastetxe batean
Gutxienez bost nerabe hil dira bigarren hezkuntzako ikastetxe barruan, baita zentroko langile bat eta bi erasotzaileak ere. Tirogileak eskolako pasilloetan suizidatu dira.
Agentziak | Erredakzioa
Suzanoko ikastetxe batean tiroketa izan da, Sao Pauloko (Brasil) metropolian. Hamar hildako eta hamar zauritu utzi ditu tiroketak, Brasilgo agintariek jakitera eman dutenez.
Sao Pauloko Poliziak azaldu dutenez, gutxienez bost nerabe hil dira bigarren hezkuntzako ikastetxe barruan, baita zentroko langile bat eta bi erasotzaileak ere. Tirogileak eskolako pasilloetan suizidatu dira.
Beste bi biktima ospitalean hil dira, Capitana Cibelle Poliziako bozeramaileak baieztatu duenez.
Raul Brasil ikastetxe publikoaren inguruetan, urduritasuna zen nagusi, gurasoak eta bertako bizilagunak bertaratu direlako informazioaren bila, berriemaile batek zehaztu duenez.
Hildakoen gorpuak ikastetxe barruan daude oraindik.
“Bi kaputxadun, antza denez, bi nerabe” Suzanoko (Sao Paulotik 60 bat kilometrora) Raul Brasil eskolan sartu dira goizean, eta “zenbait tiro egin” dituzte, Poliziak azaldu duenez.
Era berean, bertako dendari bat larri zauritu dute erasotzaileek. Zauritu larria ospitalera eraman dute.
Erasoaren arrazoiak eta hildako ikasleen nortasunak ez ditu oraindik baieztatu, baina 15 eta 17 urte bitarteko pertsonak direla jakinarazi dute agintariek.
Hainbat tiro egin ondoren, erasotzaileek euren buruaz beste egin dute.