Mundua -
Zortzi urte eta gero
Berlusconi Epaitegira joan da zerga iruzur kasu baten harira
Italiako lehen ministroari bi film erosiz Ogasunari zerga gutxiago ordaindu izana leporatzen diote. Berlusconik "lelokeria"tzat jo ditu akusazioak.
Erredakzioa
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroa Mediatrade auziaren lehen auzi-saiora joan da Milango Epaitegira, zerga iruzurra egitea leporatuta.
Berlusconik epaile baten aurrean deklaratu du, lehenengo aldiz 2003tik.
Milango Auzitegira iritsi aurretik, Berlusconik telebista kate batean esan du "lelokeriak eta oinarririk gabekoak" direla bere kontrako akusazioak.
Italiako Gobernuaren buruak salatu duenez, "historian eta unibertsoan gehien auziperatu" duten pertsona da, izan ere, 2.500 auzi-saio baino gehiago egin omen dituzte bere kontra eta bere enpresa-taldearen kontra. Era berean, Italiako lehen ministroak azpimarratu du mila epailek baino gehiagok hartu dutela bere kontra jotzeko ardura, "arrakastarik lortu gabe".
Prozesu horretan Mediaset Berlusconiren enpresa ikertzen ari dira, Mediatrade filialaren bitartez bi film erosi eta zerga iruzurra egin nahi izan ote zuen ebatziko dute.