Mundua -
Alarma nuklearra
Japoniak uste du bigarren erreaktorean fusio partziala izan dela
Fukushimako zentrala kudeatzen duen enpresak laguntza eskatu die sektoreko konpainia batzuei, erreaktorea kontrolatzeko.
Erredakzioa
Yukio Edano Japoniako Gobernuko bozeramaileak adierazi du Fukushimako zentral nuklearraren bigarren erreaktorean atzemandako erradiazio maila handia fusio partzial baten ondorio izan litekeela.
Edanok azaldu duenez, fusio hori behin-behinekoa izan da, baina ondorioz eraikinean dagoen ura kutsatu egin da eta horrek zaildu egin du larrialdi taldeen lana.
Bozeramaileak gogor kritikatu du TEPCO konpainia (zentralaren kudeatzailea) egiten ari den informazio-kudeaketa.
Halaber, zentraletik 20 kilometroko esparruan bizi direnei etxera ez itzultzeko eskatu die.
Bestalde, Eric Besson Frantziako Industria ministroak iragarri du TECPOk laguntza eskatu diela EDF eta Areva enpresa frantziarrei bigarren erreaktorearen egoera kontrolatu ahal izateko.
RTL katean eskainitako elkarrizketa batean, ministroak txalotu egin du Japoniako Gobernuak ere Frantziari laguntza eskatu izana.
Bessonen hitzetan, bigarren erreaktorean egoera "oso larria" da, zortzi egunetan TEPCOk ez baitu lortu "egonkortzea".
"Baliteke hurrengo orduetan albiste berriak izatea", gaineratu du.