Mundua -

Manifestazioak

Buteflika presidentea ezgaitu nahi du Aljeriako Armadako buruzagiak

Presidentearen aurkako manifestazio “baketsuak” ikusita, irtenbidea marko konstituzionalean aurkitu behar dela azaldu du Sala jeneralak.

Manifestaciones en Argelia. Foto de archivo: EFE
Manifestaciones en Argelia. Foto de archivo: EFE
Manifestaciones en Argelia. Foto de archivo: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ahmed Gaid Sala Armadaren Estatu Nagusiko buruak Aljeriako Konstituzioaren 102. artikulua aplikatzea eskatu du, Tout sur l'Algerie egunkariak jakitera eman duenez. Horrela, Algeriako Defentsa ministrordeak presidentea osasun arrazoiengatik ezgaitu nahi du.

Abdelaziz Buteflika presidentearen aurkako manifestazio “baketsuak” eta Aljeriak bizi duen krisi politikoa ikusita, konponbidea marko konstituzionalean aurkitu behar dela azaldu du Sala jeneralak telebista publikoan. Horregatik, Konstituzioaren 102. artikulua aplikatzea aldarrikatu du.

Protesten izaera baketsua nabarmendu du jeneralak. “Aljeriako herriaren handitasuna, kontzientzia eta heldutasuna demostratzen dute”, esan du. “Barruko zein kanpoko” sektore “gaiztoek eta etsaiek”, ordea, mobilizazioak “erabili” ditzaketela ohartarazi du Salak. Aljeriako “egonkortasunari eraso egiteko maniobra zalantzagarriak erabiltzen dituzte”, erantsi du.

Zentzu horretan, herria “zalantzazko egoera” batean erortzea saihesteko Aljeriaren “interes gorenak” defendatu behar direla adierazi du Armadako buruzagiak. Horretarako, “krisiari” irtenbidea “marko konstituzionalean” bilatu behar diotela azpimarratu du, “egoera politiko egonkorrak jarraitzeko berme bakarra delako”.

“Testuinguru honetan, krisitik ateratzeko konponbide bat hartzea beharrezkoa da, Aljeriako herriaren eskakizun legitimoei erantzuna emateko, Konstituzioa errespetatzea bermatzeko eta estatuaren burujabetza mantentzeko”, argudiatu du.

Irtenbideak “ikuspegi guztien adostasuna” eta “alde guztien aho batezko akordioa” izan behar ditu, jeneralak ziurtatu duenez. Salaren ahotan, konponbidea “Konstituzioak jasotzen” du, “102. artikulua”, presidentea osasun arrazoiengatik ezgaitzeko aukera ematen duelako.

Konstituzioaren 102. artikuluaren arabera, gaixotasun larri eta iraunkor baten kasuan errepublikako presidentea inhabilitatzeko aukera du Kontseilu Konstituzionalak, bere funtzioak betetzeko gaitasun eza egiaztatzen dutenean. Ondoren Parlamentuak erabakia berretsi behar du.

Lehen pausoa 45 eguneko gaitasungabetzea onartzea litzateke, eta epe hori agortuta, behin betiko ezgaitu dezakete 90 egunerako. Denbora tarte horretan hauteskundeak deitu beharko lituzkete, Tout sur l'Algerie egunkariaren hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak