Mundua -
Hauteskundeak
Zelenskik Poroshenko izango du aurkari bigarren itzulian, Ukrainan
Aktoreak botoen % 30 baino gehiago eskuratu du, inkesten arabera, eta apirilaren 21eko bigarren itzulian gaur egungo presidentearekin lehiatuko da.
agentziak | erredakzioa
Vladimir Zelenski aktore ukrainarra eta Petro Poroshenko egungo presidentea dira hautagai bozkatuenak hauteskunde presidentzialen lehenengo itzulian, hauteslekuetako inkesten arabera, eta apirilaren 21eko bigarren itzulian lehiatuko dira Ukrainako presidente izateko.
TSN konpainiaren arabera, Zelenskik botoen % 30,1 lortu du, eta Poroshenkok % 18,5. Yulia Timoshenko lehen ministro ohia, berriz, bigarren itzuliaren atarian geratu da berriro, botoen % 14 eskuratuta, 1+1 telebista kate ukrainarrak zabaldu duenez.
Hori horrela, Zelenskik aurreikuspenak bete ditu, urtarriletik baitzen iritzi inkesten buru, nahiz eta behin bakarrik eman zioten % 30etik gorako babesa.
Kanpainaren hasieran oso atzean zegoen Porohenko, baina Errusiarekin izandako itsasoko gatazka batek indartu egin du bere hautagaitza.
Hasiera batean, 41 urteko Zelenski da faborito bigarren itzulirako, baina adituek uste dute Poroshenkoren zerbitzura dagoen finantza eta antolakuntza sareak irauli egin ditzakeela aurreikuspenak.