Mundua -
Aljeria
Bouteflikak Aljeriako presidente kargua utzi du
Aljeriako presidenteak 82 urte ditu, eta larriki gaixorik dago 2013tik. Azken asteetan, protesta jendetsuak izan dira dimisioa ematea eskatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Abdelaziz Bouteflikak Aljeriako presidente kargua utzi du, eta bere agintaldia ofizialki amaitutzat eman duela jakinarazi dio Kontseilu Konstituzionalari, APS estatu agentziak zabaldu duenez.
Dimisioa apirilaren 28a baino lehen emango zuela iragarri zuen atzo Aljeriako Presidentetzak. Alabaina, gaur, Aljeriako Armadako buruak krisi politiko honi "konponbide konstituzionala" ematea premiazkoa dela adierazi du, eta, ildo horretan, Konstituzioaren 7, 8 eta 102 artikuluak aplikatzea babestu du, presidentea gaitasungabetzea ahalbidetzen duten artikuluak, hain zuzen.
Halaber, otsailetik, astero manifestazio jendetsuak izaten dira Aljerian Bouteflika boteretik kentzea eskatuz. Protesta horien ondorioz, uko egin dio hauteskundeetara berriro aurkezteari, eta, Armadaren presioren aurrean, dimisioa eman behar izan du azkenean.
Bouteflikak 82 urte ditu. 1999an eskuratu zuen lehen aldiz presidente kargua, eta harrezkero izan da boterean.
2013an, buruko isuria izan zuen. Jendaurrean hitz egiteari utzi behar izan zion, eta gurpildun aulkian dabil ordutik.
Igandean itzuli zen Aljeriara, hamabost egunez Suitzako ospitale batean egon ondoren.