Mundua -

Brooklyn

Osasun larrialdi egoera New Yorken, auzo judu batean izandako elgorri agerraldiagatik

Txertoa ez jartzea gomendatzen du Brooklyngo judu ortodoxoen artean zabaldu duten argitalpen batek. Udalak, baina, txertatzera behartuko ditu; bestela, isuna ordaindu beharko dute.

Osasun larrialdi egoera New Yorken, elgorri agerraldiagatik. Argazkia: Pixabay
Osasun larrialdi egoera New Yorken, elgorri agerraldiagatik
Osasun larrialdi egoera New Yorken, elgorri agerraldiagatik. Argazkia: Pixabay

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

New Yorkeko alkateak, Bill de Blasiok, osasun larrialdi egoera ezarri du Williamsburg (Brooklyn) auzoko zenbait lekutan, judu ortodoxoen artean elgorri agerraldia dagoelako. Horren aurrean, txerto hirukoitz birikoa jartzen ez dutenek 1.000 dolarreko isuna (887 euro) ordaindu beharko dute.

New Yorkeko Udalak emandako datuen arabera, dagoeneko 285 kasu antzeman dituzte, urrian gaixotasuna herritarren artean zabaltzen hasi zenetik. Azken hilean, baina, nabarmen egin du gora gaixo kopuruak. Gehienak 18 urtez azpiko haurrak dira (246 kasu). Oraingoz, ez da gaixotasun horrekin lotutako heriotzarik egon, baina 21 pertsona ospitaleratu dituzte, eta horietako bost zainketa intentsiboen unitatera eraman behar izan dituzte.

Iragan astean, Williamsburgeko ikastetxeak eta haur eskolak ixtea eta txertorik jarri ez duten ikasleak ez onartzea aholkatu zien juduei Osasun Departamentuak. Astebete geroago, gomendioa agindu bihurtu da. "Agindua betetzen ez duen orok isuna jasoko du, eta ikastetxeak ixteko aukera ere badago", ohartarazi du New Yorkeko Udalak.

"Ez dago zalantzarik, txertoak seguruak eta eraginkorrak dira. Elgorria zabaldu den tokietan bizi direnei txertatzeko aholkua ematen diet", esan du De Blasiok astearte honetan emandako prentsaurrekoan.

Judu ortodoxoek ez dute txertorik jarri nahi

Brooklyngo (New York) juduen artean zabaldu duten argitalpen batek txertoa ez jartzeko aholkua eman die herritarrei, tximuen, arratoien eta txerrien DNA dutela arrazoituta.

Txerto-segurtasunaren gidaliburua seme-alabak osasuntsu hazi nahi dituzten gurasoentzako aldizkarian ere, txertoen inguruko abisu faltsuak eman dituzte, The New York Times egunkariaren arabera; izan ere, txertoek autismoa sortzen dutela eta abortatutako umekien zelulak dituztela zabaldu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea New York Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak