Mundua -

Hauteskundeak

Sozialdemokratak nagusi Finlandian, eskuin muturrari ozta-ozta irabazita

Antti Rinne buruzagi sozialdemokratak lehen ministro izateko aukera du horrela, baina Parlamentua oso zatituta dago eta beharrezkoak izango dira itunak.

Antti Rinne buruzagi sozialdemokrata. Argazkia: Efe
Antti Rinne buruzagi sozialdemokrata. Argazkia: Efe
Sozialdemokratak garaile Finlandian, baina ultraeskuina oso hurbil dutela

1:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Sozialdemokratak (SDP) irabazi ditu hauteskunde legegileak Finlandian, botoen % 17,7 jasota. Hala ere, bi hamarreneko aldea soilik atera dio ultraeskuinari. Zantzu guztien arabera, Parlamentua oso zatituta geratuko da, lehenengo aldiz ez baita alderdirik iritsi % 20ko babesera.

SDPren atzetik geratu da eskuin muturreko Finlandiarren Alderdia, lehen Benetako Finlandiarrak zena, botoen % 17,5 jasota, botoen % 100 zenbatu dituztenean. Hala, lehenak 40 diputatu izango ditu, bigarrenak baino bat gehiago.

Hirugarren geratu da Koalizio Nazionalaren Alderdia (NCP) kontserbadorea, botoen % 17rekin (38 eserleku), eta laugarren Juha Sipila orain arte lehen ministro izan denaren Finlandiako Zentroko Alderdia (botoen % 13,8 eta 31 eserleku).

Berdeek botoen % 11,5 (20 eserleku) eskuratu dituzte, Ezkerreko Aliantza (botoen % 8,2 eta 16 eserleku), Finlandiako Alderdi Popular Suediarra (botoen % 4,5 eta 9 eserleku) eta Alderdi Kristau-Demokrataren aurretik (botoen % 3,9 eta 5 eserleku). Gainerako bi eserlekuak beste bi hautagaik eskuratu dituzte.

Horrela, ezkerreko alderdiek 76 diputatu izango dituzte, eta zentro-ezkerrekoek, ostera, 107. Guztira, 200 diputatuk osatzen dute Parlamentua.

Parte-hartzea % 72koa izan da.

Datu horiekin, Parlamentua oso zatitua geratuko da, eta itunak beharko dituzte gobernu egonkorra izateko. Horren harira, Sanna Marin sozialdemokraten 'bigarrena'k baztertu egin du eskuin muturrarekin itunik egitea. "Zaila da niretzat SDP eta Finlandiarren Alderdia gobernuan elkarrekin ikustea. Alderdi kontserbadore eskuindarra da", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Finlandia Ultraeskuineko alderdi politikoak