Mundua -

Tiroketa Brasilen

Gutxienez 11 pertsona hil dituzte Rio de Janeiroko eskola batean

Hildakoetako bederatzi, behintzat, 12 eta 14 urteko neskak dira. Bestalde, 18 zauritu artatu behar izan dituzte Rio de Janeiroko ospitaleetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

11 pertsona hil dira eta 18 zauritu, gaur Rio de Janeiroko eskola publiko batean izan den tiroketan. Suhiltzaileen datuak aipatuz Brasilgo Agentziak ofizialak jakinarazi duenez, erasotzailea (ikasle ohi bat, antza) tiroketaren ostean hil da, baina oraindik ez dute argitu Poliziak hil edo bere buruaz beste egin duen.

Hildakoen artean 12 eta 14 urte bitarteko bederatzi neska daude, ''O Globo'' egunkariak jakinarazi duenez. 30 zauritu artatu behar izan dituzte Rio de Janeiroko ospitaleetan.

Gizona tiroka sartu da Tasso da Silveirako eskolan, Rio de Janeiroko Ralengo auzoan, 08:00etan (EAEko 13:00etan). Lekukoen arabera, erasoak bost minutu iraun du.

"Ez dakigu erasotzailea hil duten edo bere buruaz beste egin duen, ezta erasoa zerk eragin duen ere", esan die Rio de Janeiroko Polizia Militarreko ofizial batek hedabideei.

Erasotzailea, Wellingtong Menezes de Oliveira, eskolako ikasle ohi bat da, eta 24 urte ditu, Claudia Costin Hezkuntza idazkariak Brasilgo albiste agentzia bati jakinarazi dionez.

Erasotzaileak gutun bat utzi du

Menezes de Oliveirak gutun bat utzi omen du ikaskide eta irakasleen aurka tiro egiteko arrazoiak azaltzeko, Rio de Janeiroko mendebaldeko prefetordeak, Edmar Teixeirak, esan duenez.

Gutunean, Menezes de Oliveirak HIESa duela aitortu du, Teixeiraren hitzetan, baina prefetordeak ez du datu gehiago eman.

Dilma Rousseff Brasilgo presidenteak hiru dolu-egun ezarri ditu eta "haur brasildarrak hain goiz hiltzea" deitoratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea