Mundua -
Erasoa Mexikon
13 lagun, tartean haur bat, hil ditu talde armatu batek Veracruzeko jai batean
Zazpi gizon, bost emakume eta ume bat hil eta beste lau pertsona zauritu dituzte tiroketan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Talde armatu batek hamahiru lagun, tartean haur bat, hil ditu Minatitlango (Veracruz, Mexiko) jai pribatu batean, bertako agintariek jakitera eman dutenez. Andres Manuel Lopez Obrador presidente denetik jazo den eraso larrienetakoa da aipatutakoa.
Erasotzaileak 21:00ak inguruan sartu ziren atzo jai bat ospatzen ari ziren lokalera, El Universal egunkariak zabaldutako informazioaren arabera.
Tiroketan, zazpi gizon, bost emakume eta ume bat hil eta beste lau pertsona zauritu zituzten. Hugo Gutierrez Maldonado Segurtasun Publikoko idazkariak Twitter bidez esan du hiltzaileak harrapatu nahian dabiltzala, eta horretarako ikerketa abiatu dutela.
Gainera, laguntza eskatu dio Estatuko Fiskaltza Nagusiari gertatutakoa argitzeko eta erasoaren egileak identifikatu ahal izateko.
Lopez Obrador 2018ko abendutik dago presidente karguan. Orduan, Mexikon indarkeria kasuak gutxitzeko konpromisoa hartu zuen. Izan ere, 2006az geroztik 200.000 lagun hil dituzte herrialde horretan.
Aurreikusitakoaren arabera, Mexikoko presidenteak Veracruz bisitatuko du igandean.