Mundua -
Aurrekontuak
AEBek Gobernua gelditzea saihestu dute azken orduko akordioari esker
Aurrekontuen akordiorako epea luzatzea adostu dute demokratek eta errepublikanoek. Datozen egunetan onartuko dituzten aurrekontuetan 38.500 milioi dolar inguruko murrizketak egongo dira.
Erredakzioa
AEBek Gobernuaren administrazioaren geldialdia saihestu dute azken orduan errepublikanoek eta demokratek lortu duten akordio bati esker. Akordio horrekin, Kongresuak luzatu egin du aurrekontuetan murrizketak sartzeko testua adosteko epea.
Akordioa lotu izan ez balute, administrazio federalaren bulegoak itxi egin beharko lituzkete, izan ere, gaur egun arte 2010eko aurrekontuak luzatuz biziraun dute, eta akordioa lortu izan ez balitz, lanik eta soldatarik jaso gabe geratuko lirateke 800.000 funtzionario.
Baina epea amaitu baino ordubete lehenago, John Boehner Ordezkarien Kongresuko presidente errepublikanoak agerraldia egin du epea datorren ostegunera arte luzatzea ekarriko duen akordioaren berri emateko.
Epe berri horrekin, Kongresuak denbora gehiago izango du datozen sei hilabeteetarako aurrekontuen inguruko testua idazteko, dagoeneko adostuta omen dagoen testua idazteko.
Kongresuko iturriek jakinarazi dutenez, datozen egunetan onartuko dituzten aurrekontuetan 38.500 milioi dolar inguruko murrizketak jasoko dituzte, hau da, errepublikanoek exijitutako kopurutik gertuago dago akordioa.
"Demokratek eta errepublikanoek lortutako akordioak etorkizuneko aurrekontua ekarriko du eta inoiz egin dugun murrizketa handienak jasoko ditu", adierazi du Obamak akordioaren berri izan ondoren Etxe Zurian eman duen prentsaurrekoan.