Mundua -

Hauteskundeak Perun

Humala ezkertiarra, bigarren itzulian norekin lehiatuko zain

Lehen emaitza ofizialen arabera, Pedro Pablo Kuczynski ekonomialaria da bigarren bozkatuena, baina botoen % 43 zenbatuta, Keiko Fujimori puntu eta erdira baino ez dauka.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ollanta Humala ezkertiarra irabazlea izan da Peruko presidenterako hauteskundeetan, lehen datu ofizialen arabera, baina ez du lortu gehiengo osoa, eta beraz, boto gehien jaso dituen bigarren hautagaiarekin lehiatu beharko da bigarren itzulian.

Oraindik, baina, ez dago argi nor izango den harekin bigarren itzulian. Hauteslekuetan egindako inkestek Keiko Fujimoriri (Alberto Fujimoriren alaba) ematen diote bigarren lekua, baina lehen emaitza ofizialetan Pedro Pablo Kuczynski ekonomialaria da bigarren bozkatuena, oraingoz behintzat. Izan ere, bien arteko aldea oso estua da.

Botoen % 43 zenbatuta, Humalak % 26,9 lortu ditu, Kuczynskik % 23,5 eta Fujimorik % 21,8. Horien atzetik, Alejandro Toledo presidente ohia (% 15,3) eta Luis Castañeda Limako alkate ohia (% 11,5) geratu dira.

Iñaki Aramayo Radio Euskadiko korrespontsalak azaldu duenez, azken urteetan Latinoamerikan gehien hazi den herrialdea da Peru. 2004tik 2009ra, pobrezia % 14 murriztu dute, baina egun herritarren % 34 txiroak dira oraindik.

Hori horrela, hurrengo presidentearen erronka nagusia aurrerapen horiekin jarraitzea eta, batik bat, hazkunde ekonomikoa herritar guztiei zabaltzea izango da.

19,9 milioi pertsona zeuden bozkatzera deituta atzo, presidentea, bi presidenteorde, 130 kongresista eta Parlamentuko 15 kide hautatzeko. Perun bozkatzea derrigorrezkoa da, eta ez egitea isunekin zigortzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea