Mundua -

Venezuela

Armadari manifestu bat entregatzeko martxa berri bat deitu du Guaidok

Mobilizazioak "baketsuak" izan behar direla azpimarratu du oposizioko buruzagiak. "Indarkeriaren orraziari kosk ez egitea" eskatu die Guaidok bere jarraitzaileei.

Juan Guaido Venezuelako Batzar Nazionaleko presidentea. Argazkia: EFE/Rayner Peña
Juan Guaido Venezuelako Batzar Nazionaleko presidentea.
Guaidok mobilizazio gehiago iragarri ditu larunbat honetarako

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Guaido Venezuelako "behin-behineko" presidenteak oposizioaren martxa berri bat deitu du ostiral honetan, Indar Armatuei manifestu bat entregatzeko helburuarekin. Mobilizazioa larunbat honetarako deitu du, Armadak "trantsizio baketsuarekin" bat egitea lortzeko.

"Bihar berriz bilduko gara modu baketsuan (…) Indar Armatuei dokumentu xume bat, aldarria, entregatzeko; Venezuelan hauteskunde askeetarako trantsizio azkarra emateko", esan du prentsaurrekoan, Caracasen.

Mobilizazioa 10:00ak aldera (Euskal Herriko 16:00ak) abiatuko da Venezuelako "estatu guztietan". Hala ere, "elkartzeko puntu" zehatzen berri datozen orduetan jakitera emango dituztela ohartarazi du oposizioko buruzagiak.

"Indarkeriaren orraziari kosk ez egitea" eskatu die Guaidok bere jarraitzaileei. "Pikete batekin topo eginez gero, ez pasatzen saiatu, beraiekin hitz egin" konbentzitzeko, azaldu duenez. Mobilizazioak "baketsuak" izan behar direla azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro Juan Guaidó