Mundua -

VENEZUELA

Venezuelarako harreman taldea gaur eta bihar bilduko da, konponbide baten bila

Costa Ricako hiriburuan izango den batzarrean, nazioarteko aditu taldeak Venezuelan azken asteotan gertatutakoa aztertuko du.

Venezuelako hainbat emakume, bakea aldarrikatzen. Argazkia: EFE.
Venezuela
Venezuelako hainbat emakume, bakea aldarrikatzen. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelarako Nazioarteko Harreman Taldeak bilera egingo du gaur eta bihar San Josen, Costa Ricako hiriburuan, herrialde horretarako konponbide baketsu baten bila.

Espainiak, Frantziak, Alemaniak, Italiak, Portugalek, Suediak, Herbehereek, Erresuma Batuak, Ekuadorrek, Costa Ricak, Uruguaik eta Boliviak osatzen dute aditu taldea, eta Venezuelako egoera bere onera ekarriko duen bide-orria diseinatzea dute helburu. Besteak beste, "presidente berria aukeratzeko hauteskunde demokratikoak" deitzea proposatzen dute. Bi egunotan egingo duten batzarrean, Caracasen azken asteotan izandako gertakariak aztertuko dituzte.

Harreman taldeak maiatzaren 1ean kaleratu zuen oharrean jasotzen zenez, Venezuelako egoerak "premiazko erantzuna behar du", eta konponbideak, inondik ere, "demokratikoa, baketsua eta politikoa" behar du izan. Indarra erabiltzea, beraz, guztiz baztertzen du talde honek.

Juan Guaido Venezuelako oposizioko buruak Nicolas Maduro Gobernutik kentzeko kolpe militarra deitu zuen apirilaren 30ean, chavismoaren aurkako militarrek Leopoldo Lopez oposizioko kidea askatu eta gero. Lopez 13 urteko zigorra betetzen ari zen, etxean, Caracasen. 'Askatasun Operazioa' deitutakoak porrot egin zuen, eta egoera are gehiago okertzea baino ez zuen lortu Guaidok.

Matxinatzeko deia egin ondoren, mobilizazioak eta istiluak izan dira Caracasen, baina, Venezuelako Armadako buruzagiek Maduroren ondoan jarraitzen dute, eta kuarteletan ez da mugimendurik izan, oraingoz behintzat.

Europako Batasunak ez du estatu-kolpe saiakera babestu, baina kontrako adierazpenik ere ez du egin. Espainiako Gobernuak Venezuelan duen enbaxadan Leopoldo Lopez hartzeari buruz ere ez du iritzirik eman EBk.

The Washington Post egunkariari asteburuan eskainitako elkarrizketa batean, Guaidok berak onartu du bere planak huts egin zuela, militar gehiagoren babesa espero zuela aitortuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro Juan Guaidó Leopoldo López Mendoza Costa Rica gaur