Mundua -
Iruzkina
Mohamed VI.a, 'Azkarra'
96 preso politiko aske utzita, Marokoko erregeak protesta demokratikoak baretzea du helburu.
Jesus Torquemada
Marokoko Mohamed VI.a erregeak bere trebetasuna erakutsi du beste behin ere. 96 preso politiko aske utzita eta beste 94ri zigorrak leunduta, erregeak protestak baretu eta Nazio Batuen Erakundearen aurrean bere egoera hobetu nahi du, Mendebaldeko Saharan bizi den egoeraren inguruan.
Mohamed VI.a izan da herrialde arabiarrak astintzen ari diren errebolten aurrean azkarren erantzun duen buruzagi arabiarretako bat. Duela hilabete, konstituzioan aldaketak egingo zituela iragarri zuen. Horri esker, boterearen zati txiki bat utzi eta demokrazia pixka bat gehiago egongo da Marokon.
Neurri hauekin eta lehenago hartutako beste batzuekin, erregeak herritarren nahigabea baretzea lortu du, nahiz eta ez den guztiz desagertu: hilaren 24rako beste protesta egun bat antolatu dute Marokon.
Atzo aske utzitakoen artean, Saharako hiru independentista ezagun daude, baina ñabardura garrantzitsu batekin: marokoarrak erabat aske geratu dira, eta sahararrak berriz, baldintzapeko askatasunean. Hala ere, neurri hauekin, Mohamed VI.ak egunotan Nazio Batuen barruan Mendebaldeko Sahararen inguruan egiten ari den eztabaidan eragin nahi du.
Hilaren amaieran, Segurtasun Kontseiluak iritzia eman behar du Minursoren mandatua berritzeari burz, alegia Nazio Batuen erakundearen Saharako misioari buruz. Hainbat herrialdek misio hori zabaltzea eskatu dute, eta Saharan giza eskubideen errespetua ere zaintzea nahi dute. Baina Maroko ez dago horren alde eta aukera hori baztertzea lortu du Frantziaren laguntzari esker. Frantzia Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorra eta Marokoren aliatu nagusia da, eta beti galarazi egin du erreibindikazio hori.