Mundua -

Goi-bilera Washingtonen

G-20k zazpi herrialderen finantza politikak aztertuko ditu gertutik

Zerrenda oraindik ofiziala ez bada ere, AEB, Txina, Frantzia, Britainia Handia, Alemania, Japonia eta India izango dira herrialde horiek. Politika ekonomiko zuzenak ote dituzten aztertuko dute.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

G-20 osatzen duten herrialdeek goi-bilera egin dute Washingtonen eta zazpi herrialderen finantza politika gertutik aztertzea adostu dute finantza krisia gainditzeko prozesuan atzerapausorik ez emateko egitasmo baten barruan.

Zerrenda oraindik ofizial egin ez badute ere, AEB, Txina, Frantzia, Britainia Handia, Alemania, Japonia eta India izango dira aztertuko dituzten zazpi herrialdeak. Nazioarteko Diru Funtsak zor mailak, aurrekontuen defizita eta merkataritza oreka gainbegiratuko ditu. Datu horiekin politika ekonomiko zuzenak ote dituzten jakingo dute, eta behar izanez gero, aholkuak emango dizkiete herrialdeei, baina horiek ez dute betetzeko beharrik izango.

Christine Lagarde Frantziako Finantza ministroak esan du akordioa "aurrerapauso handia" dela mundu mailako hazkundea orekatua izan dadin. Aipatu zazpi herrialdeez gain, beste estatu batzuk ere aztertu ahal izango dituzte haien estrategia ekonomikoak ezbaian badaude. "Sarea apur bat estuagoa da garrantzia sistematikoa duten herrialdeen kasuan", gaineratu du ministroak. Frantzia da aurten G-20ren presidentea.

"Gure helburua kanpo iraunkortasunari eustea eta G-20k gehiegizko desorekari aurre egiteko politikak errespetatzen dituela bermatzea da", finantza ministroek bilera amaitu ostean kaleratu duten agirian agertzen denez.

"Estatu bakoitzaren egoera" kontuan izango dutela argitu dute testuan, baina xehetasunik eman gabe. Mundu mailako ekonomia indartzen ari dela uste dute, baina arriskuak daudela, Ekialde Hurbileko gatazkak, Japoniako lurrikara eta Afrika iparraldeko iraultzak, besteak beste.

Azken hilabeteotan Txinak ez ditu gogoko izan G-20ren irtenbideak, baina azkenean gogo onez onartu ditu. Zhu Guangyao Finantza ministro ordeak azpimarratu du akordioak "herrialde bakoitzaren eskakizunak" hartzen dituela bere baitan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea