Mundua -
Hitzaldia AEBetan
Gadafi Mendebaldearen 'laguna' dela eta, misioa kritikatu du Aznarrek
Espainiako presidente ohiak kritikatu egin ditu AEB eta Europako zenbait herrialde Libiako erregimenaren kontrako eraso militarra egin dutelako, baina ez dutelako berdin jokatu Iranen eta Sirian.
Erredakzioa
Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohiak kritikatu egin ditu AEB eta Europako zenbait herrialde Muamar Gadafiren erregimenaren kontrako eraso militarra egiteagatik, buruzagi libiarra duela zortzi urtetik Mendebaldearen "laguna" delako.
Aznar kexu da herrialde horiek ez dutelako berdin jokatu Irango edo Siriako erregimenen kasuan.
New Yorkeko Columbia Universityn emandako hitzaldi batean, Aznarrek gaitzetsi egin du Mendebaldeak Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohiari eta Abidin Ben Ali Tunisiakoari bizkarra eman izana, iraganean "lagunak" izan baitziren.
Ekialde Hurbileko egoerari buruz galdetu diotenean, Aznarrek gaineratu du "Siriako eta Irango manifestariek ere laguntza eskatu ziotela Mendebaldeari, baina herrialde honek (AEB) eta Europakoek ez zuten ezer egin".
"Zaila da lagunei erortzen eta etsaiei boterean mantentzen uzten dien politika bat ulertzea", adierazi zuen Aznarrek iragan astelehenean ingelesez eman zuen hitzaldian.
Aznarrek gogora ekarri zuenez, Gadafik terrorismoa babesten zuen 2003a baino lehen, baina urte hartan, Irakeko inbasioaren aurrean, "gogoeta egin zuen: ''Iraken erregimen aldaketa badago, agian erregimen aldaketa egongo da hemen, beraz, nire tokian beste bat jarriko dute''", eta atzera egin zuen.
2003tik aurrera, Gadafik bat egin zuen "Mendebaldeak terrorismoaren kontra egin zuen esfortzuarekin" eta uko egin zion armamentu biologiko, kimiko eta nuklearrari.
Gadafik gizon "arraroa eta bitxia" izaten jarraituko du, Aznarrek aitortu duenez, baina "lagun bitxia bada ere, laguna da".