Mundua -

New Orleansen

Nicolas Cage emakumeen kontrako indarkeriagatik atxilotu dute

Aktoreak berak, mozkor-mozkor eginda, eskatu dio Poliziari atxilotuta eramateko, emaztearekin eztabaida gogorra izan ondoren.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicholas Cage aktorea goizaldean atxilotu dute New Orleansen (AEB) emakumeen kontrako indarkeria delitua egotzita, TMZ webguneak zabaldutakoaren arabera.

Cagek eztabaida handia izan du emaztearekin New Orleanseko kaleetan. Zenbait lekukoren arabera, aktoreak berak eskatu dio Poliziari atxilotuta eramateko. Gainera, "mozkor-mozkor" eginda zegoen.

TMZak zabaldu duenez, guztia Cage eta emaztea eztabaidan hasi direnean gertatu da. Momentu horretan, Cage "mozkor-mozkor" eginda zegoen eta taxi gidari batek, emazteari ohiuka ari zitzaiola ikustean, Poliziari abisua eman dio. Taxi gidariak agenteei esan dienez, Nicolas Cage emazteari gogor eusten zion.

Poliziak etxera bueltatzeko esan die Cageri eta emazteari. Orduan aktoreak ondorengoa esan die: "Zergaitik ez nauzue zuzenean atxilotuta eramaten?". Poliziek etxera joateko errepikatu diote, eta Cagek, berriro ere, atxilotzeko esan die.

Momentu horretan, agenteek Nicolas Cage atxilotu egin dute emakumeen kontrako indarkeria eta ordena publikoaren nahasmendua egotzita. Emazteak ez du kargurik aurkeztu nahi izan; hala ere, aktoreak atxilotuta jarraitzen du fidantzapean ateratzeko zain.

Oskar saria irabazi zuen

Nicholas Cagek The rock (1996), Con Air (1997) eta City of Angels (1998) filmak egin ditu, besteak beste. Leaving Las Vegas (1995) filmean egindako lanagatik Orkar saria irabazi zuen.

2004ko uztailaren 30etik Alice Kim japoniar jatorriko zerbitzariarekin ezkonduta dago. Aurretik Patricia Arquette aktorearekin, Mary Hopperrekin era Lisa Marie Presley Elvis Presleyren alabarekin ezkonduta egon da.

Arazo ekonomikoak

2009ko urriaren 10ean aktoreak ABEetako Ogasun publikoari sei milioi dolar zor zizkiola zabaldu zen hedabideetan. Zorra 2007 urteari zegokion. Horrez gain, 2002 eta 2004 urteetan ordaindu gabe utzitako zorren ondorioz, beste 350.000 dolar zor zituen.

Antza denez, zor guztiak egindako hainbat erosketa zentzugabeen eta bitxien ondorioa izan ziren. Esate baterako, Cagek urre gorrizko komuna erosi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea