Mundua -

AEB

2.000 milioiko zigorra Monsantori, bere herbizida bat minbizi-eragile delakoan

Herri epaimahai batek ebatzi du glifosatoz egindako belar-hiltzailea 'erabakigarria' izan zela Kaliforniako bikote batek ez-Hodgkin linfoma garatzeko.

Werner Baumann Bayerreko burua, burumakur. Argazkia: EFE
Werner Baumann Bayerreko burua (duela urtebete erosi zuen Monsanto).
Werner Baumann Bayerreko burua, burumakur. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oakland hiriko (Kalifornia, Ameriketako Estatu Batuak) herri epaimahai batek Monsanto konpainia zigortu du, glifosatoz egindako bere belar-hiltzaile batek bikote bati minbizia eragiteagatik. Guztira, 2.000 milioi dolar ordaindu beharko dizkie Pilliod senar-emazteei.

AEBn enpresa horren aurka izandako hirugarren epaia da honakoa.

Epaimahaiaren aburuz, Monsantoren "Roundup" herbizida "erabakigarria" izan zen Alva eta Alberta Pilliod senar-emazteek ez-Hodgkin linfoma garatzeko.

Alva Pilliodi (76 urte) 2011n atzeman zioten linfoma; Albertari (74 urte), berriz, 2015ean. Bikoteak 30 urtez erabili zuen "Roundup" belar-hiltzailea Livermore herriko etxebizitzako lorategian.

Hori dela eta, Monsantok 1.000 dolar ordaindu beharko dizkio bakoitzari, eta, gainera, 55 milioi dolar eman beharko dizkie mediku fakturei eta bestelakoei aurre egiteko.

"Begiko ditugu Pilliod senar-emazteak, baina kasu honetako probak ez daude argi: gaixotasun ugari izan dituzte biek, ez-Hodgkin linfoma garatzeko arrisku faktore direnak", adierazi du Bayer konpainiak epaia ezagutu eta gero.

"Ez dago proba zientifikorik glifosatoz egindako herbizida bat linfoma eragiteko erabakigarria dela esateko", erantsi du. Epaiaren kontrako errekurtsoa iragarri du multinazionalak.

Monsantok jaso duen hirugarren zigorra orain arteko handiena da. Iazko abuztuan San Frantziskoko epaimahai batek 289 milioi dolarreko zigorra ezarri zion (epaileak 89 milioi dolarrera murriztu zuen gero). Martxoan, bestalde, Kaliforniako Sonoma hiriko bizilagun bati 80 milioi ordaindu behar izan zizkion.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak