Mundua -

Tunisiako etorkinak

EB: 'Frantziak ez du legerik urratu Italiako trenak gelditu dituenean'

Barne komisarioaren arabera, Schengen eremuko mugen kodea ez dute urratu Frantziako agintariek. "Antza denez, egindakoa egiteko eskubidea zuten", azpimarratu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tunisiako etorkinak iristea saihesteko Frantziak Italiako trenak geldiarazi zituen iragan igandean. Parisek azalpenak eman dizkio gaur Europar Batasunari, eta Cecilia Malmstrm Barne komisarioak Frantziaren erabakia babestu du.

"Orden publikoa mantentzeko zirkulazioa eten behar izan zutela azaldu digute Frantziako agintariek gutun batean, goizean. Etenaldia laburra izan zen eta zirkulazioa normala da orain", azaldu du Malmstrmek prentsaurrekoan.

Informazio horren arabera, Schengen eremuko mugen kodea ez dute urratu Frantziako agintariek. "Antza denez, egindakoa egiteko eskubidea zuten", azpimarratu du Barne komisarioak.

Hala ere, egoera "gertutik" jarraitzen du EBko Exekutiboak, Malmstrmen hitzetan. Era berean, arazoa konpontzeko elkarrizketa eskatu die Parisi eta Erromari. "Frantziako eta Italiako agintariekin harremanetan gaude, azalpenak eskatu dizkiegu eta jaso ditugu", adierazi du.

"Gatazka elkarren artean konpontzen saiatzeko Frantziako eta Italiako agintariek harremanak izatea nahi dugu", esan du Barne komisarioak.

Aldi baterako baimenak

Italiak Tunisiako 20.000 bat etorkini lan egiteko aldi baterako baimenak ematean "ez du arazorik" ikusten Bruselak, "bere eskumena delako". Afrikako iparraldean izandako iraultzen ondorioz, etorkinak Italiako kostaldera heldu ziren.

Austriak, Britainia Handiak, Poloniak eta Eslovakiak, ostera, politika hori kritikatu dute, arazoa EBko beste herrialde batzuetara lekualdatu duelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea