Mundua -
Espainia Libiako operazioan
Kongresuak Libiako interbentzioa bi hilabetez luzatzea babestu du
Alderdi politiko guztiek, IUk salbu, Libiako interbentzioa ekainaren 22ra arte luzatzea babestu dute, baina ia guztiek zalantzak dituzte misioaren gainean
Erredakzioa
Alderdi politiko guztiek, IUk salbu, Gobernuari babesa eman diote bi hilabete gehiagoz luzatzeko Espainiaren parte-hartzea Libiako operazioan; edozein kasutan, alderdi politiko guztiek beren zalantzak azaldu dituzte misioaren etorkizunaren gainean.
Defentsa ministroak esan duenez, luzapenak gizarte zibila babesteko laguntza humanitarioa ekar lezake, beti ere Europar Batasunak ontzat eman eta Nazio Batuen Erakundeak baimentzen badu.
Ministroak esan duenez, Libiako interbentzioak hiruhileko honen amaieran 43 milioi euroko kostua izango du. Gainera, Chaconek ohartarazi du Libiako gatazkak ez duela "soluzio militarra" izango eta herrialdearen etorkizuna "Muamar Gadafi eta bere inguruko inor gabe" idatzi behar dela.
IU bakarrik aurka
IU bakarrik agertu da Kongresuko Defentsa Batzordean eztabaidatu den luzapenaren aurka. Misio hori Gaspar Llamazaresen ustez "alde bateko gerra" da eta gaineratu duenez, "mailua" erabiltzen ari dira kirurgia ebakuntza baterako. Gainera, Gobernua hizkuntza "hipokrita" erabiltzeaz akusatu du, gerra bat delako, gerra "ez humanitarioa".
PPk luzapena babestu duen arren, Beatriz Rodriguez-Salmones diputatuak operazioak sortu dituen zalantzak azpimarratu ditu; orain "duela hilabete baino gehiago" direla esan du. Izan ere, azpimarratu du "aireko baztertze gune bat jartzea lortu bada ere, Gadafik boterean jarraitzen du". Egoera "gaizki definitua" eta "okerreko lidergoekin" dagoela zehaztu du.
Misioaren helburu nagusiari dagokionez, "gizarte zibila babestea zen eta auzi hori zintzilik dago" esan du PPko diputatuak. Operazioa hasi eta hilabetera zibilen aurkako "izugarrizko sarraskia" gelditzea ez dela lortu azpimarratu du.
Misioaren gaineko zalantza askoren gainean hitz egin du baita ere EAJk Kongresuan duen ordezkariak, Jose Ramon Belokik; eta zalantza azaldu du baita ere Gobernua ematen ari den informazioaren gainean.
Galdetu du zergatik Espainiako Gobernuak hasiera batean hilabete bateko interbentziorako baimena eskatu zuen, beste herrialde batzuk "askoz ere epe luzeagoetaz" hitz egiten ari baziren, eta zein motibo dagoen orain bi hilabeteko luzapena eskatzeko.
EAJko ordezkariak jakin jakin nahi izan du baita ere, zein posiziotan dagoen Espainia Estatu Batuetako eta Frantziako presidenteek eta Britania Handiko Lehen ministroak Libiako diktadorearekin amaitzea defendatzen dutela esan ostean, eta jarrera berri horrek Nazio Batuen Erakundearen ebazpen berri bat behar ote duen.
CiUk zalantza gehiago jarri ditu Kongresuko mahai gainean; Jordi Xucla Defentsa bozeramaileak esan du ez duela ulertzen interbentzioa hilabete batera mugatzea. Zehaztu duenez, beste herrialde batek berak ere ez du igorri gatazka "30 egunetan" konpondu daitekeela dioen mezurik.
Talde Mistoaren izenean, Rosa Diezek (UPyD)babestu egin du Espainiaren parte-hartzea Libian, izan ere, "zalantzak egon arren" beste bi hilabetez luzatzeko arrazoiak daudela uste du.
Jesus Cuadradok, PSOEren izenean gezurtatu egin du NATO bonbardaketa handiak egiten ari denik Libian eta azpimarratu du bistakoa dela soluzioa "mantsoagoa egiten dela" indar militarra erabiltzen denean biktima zibilak ez egoteko lehentasunarekin.