Itxi

2019/05/29

08:17

Mundua

GOI-BILERA

Abian da EBko goi-karguak berritzeko prozesua, oraindik inor baztertu gabe

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Igandeko Europako hauteskundeetan gehiengoa galdu ostean, popularrek eta sozialdemokratek aintzat hartu beharko dituzte liberalak aginte postuak berritzerakoan.

  • Europar Batasuneko buruzagien goi-bilera, Bruselan

    Europar Batasuneko buruzagien goi-bilera, Bruselan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Europar Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek goi-bilera egin dute, bart, Bruselan, Batasuneko kargudun nagusi berriak izendatzeko prozesuari hasiera emanez. Oraingoz hautagairik baztertu ez badute ere, negoziazioa luzea eta zaila izatea aurreikusten da.

Europako Parlamenturako hauteskundeen ostean, 28 herrialdeetako buruzagiek egin duten lehen bilera izan da. Hauteskunde emaitzek inoizko Parlamentu zatituena utzi dute. Popularrek eta sozialdemokratek orain arte zuten gehiengoa galdu dute, eta aintzat hartu beharko dituzte liberalak eta beste alderdiak aginte postuak (Europako Batzordea, Europako Kontseilua, Europako Parlamentua eta Europako Banku Zentrala) berritzerakoan.

Lau orduko batzarraren ostean Donald Tusk Europako Kontseiluko jarduneko presidenteak kazetarien aurrean azaldu duenez, hautagai bakar bat ere ez da Europako Batzordeko presidente izateko lasterketatik kanpo gelditu. Herrialdeei dagokie hautagaiak izendatzea.

Kontseiluko presidenteak behin eta berriro adierazi duenez, negoziazioetan oreka bilatzen saiatuko dira: geografikoa, estatu handi eta txikien artekoa, afiliazio politikoa, edota genero ikuspegia. Hala ere, mundu errealean "oreka perfektua" aurkitzen zaila dela azpimarratu du.

Hauek dira berritu beharreko karguak: Europako Batzordeko presidentea, Europako Kontseiluko presidentea, Europako Parlamentuko presidentea (ez dute estatuek aukeratzen), Europako Banku Zentraleko presidentea eta Atzerri Politikarako EBren goi-ordezkaria. Tusken esanetan, ekaineko goi-bileran izendapen horien inguruko adostasuna lortzeko asmoz, aurrez bilerak egingo ditu.

Goi-bileran, izenen inguruan baino gehiago prozesuaz eztabaidatu bazuten ere, buruzagiak hasiak dira dagoeneko hautagaien inguruko aliantzak bilatzen.

Europako Alderdi Popularreko zortzi gobernuburuek, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra buru dutela, Manfred Weber hautagai popularra babesten dute. Europa mailan zerrenda bozkatuena popularrena izan dela aldarrikatzen dute.

Sozialdemokratek eta liberalek, ostera, beren hautagaiak defendatzen dituzte, Frans Timmermans eta Margrethe Vestager, hurrenez hurren. Bi familia politiko horietako aurpegi ezagunenek, Pedro Sanchez sozialistak eta Emmanuel Macron liberalak, bilera egin dute beraien hautagaien alde egiteko.

Macronek amaierako prentsaurrekoan azpimarratu zuenez, zaila izango da bi alderdi horien artean karguak berritzeko gehiengoa lortzea Europako Parlamentuan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;