Mundua -
Gatazka
Israelek enkantean jarriko du EBk Palestinako eskola bati emandako materiala
Israelek duela zazpi hilabete eraitsi zuen eskola bere baimenik gabe eraiki zutelako Zisjordanioan, eta eraikinaren barruan zegoen materiala konfiskatu zuen.
agentziak | erredakzioa
Israelek enkantean jarriko ditu Europar Batasuneko herrialdeek finantzatutako eskola palestinar bateko materiala, duela zazpi hilabete okupatutako Zisjordanian eraitsitako eskola batekoa, hain zuzen ere, Betselem Israelgo Gobernuz Kanpoko Erakundeak jakitera eman duenez.
Israelgo Administrazio Zibilak, Osloko akordioen arabera Israelen kontrolpean dagoen eremu bateko kudeatzaileak, bi ikasgela prefabrikatutako egiturak jarriko ditu enkantean. EBren diruarekin eraikitako eskola Ibziq herrian zegoen, Jordan Aranean.
Israelek duela zazpi hilabete eraitsi zuen eskola bere baimenik gabe eraiki zutelako, eta eraikinaren barruan zegoen materiala konfiskatu zuen. Europar Batasunak eta bere kideek, gainerako herrialde guztiek bezalaxe, ez dute Israelek Zisjordanian duen subiranotasuna aitortzen, 1967ko Sei Eguneko Gudaren ostean okupatu zuenetik.
"Betidanik izan dugu errezeloa (Israelek) konfiskatutako nazioarteko laguntza enkantean saltzen zuela", azaldu du Sarit Michaeli Betselemen bozeramaileak. Gaineratu du kasu honetara arte ezin izaten zutela hori egiaztatu, baina orain "erabat froga daiteke konfiskatutako ikasgeletako egiturak datorren astean salduko dituztenen berberak direla".
Urrian, Europar Batasuneko bulegoak eta Jerusalemen eta Ramalan dauden kontsul europarrek "kezka handia" agertu zuten "Israelgo agintariek bi ikasgela desegin" zituztelako, eta horrek 49 palestinar eskolarik gabe utzi zituelako. Horregatik, haurrek hezkuntzarako duten eskubidea "babesteko, errespetatzeko eta betetzeko" deia egin zioten Israeli.