Mundua -
Etorkinen polemika
Berlusconik eta Sarkozyk Schengengo Ituna aldatzeko eskatu dute
Italiako lehen ministroak eta Frantziako presidenteak Schengengo Ituna (Europako barne mugen kontrola kentzeko hitzarmena) aldatzea eskatu dute etorkinen krisiari aurre egiteko.
Erredakzioa
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak Schengengo Itunean aldaketak egiteko eskatu diete Europar Batasuneko kideei, etorkinen krisiari aurre egiteko; besteak beste, Italiaren egoera azpimarratu dute, etorkin ugari heltzen ari baitira Afrikako iparraldetik.
Agintari biak Erroman bildu dira astearte honetan, besteak beste Afrikako iparraldearen egoera eta migrazio krisiak aztertzeko; izan ere, bi gai horiek arazoak eragin dituzte azken asteotan bi gobernuon artean. Hala, Sarkozyk eta Berlusconik amaitutzat jo dute gai hori gaur.
"Schengengo Itunari buruz hitz egin dugu. Gauzak arautu eta konpondu behar ditugu Europar Batasuneko kideen artean, Zuzenbidea oinarri hartuta. Inork ez du Schengengo Ituna ukatu nahi, baina egoera berezietan guztion artean adostutako aldaketak egotea erabaki dugu", esan du Berlusconik bileraren osteko prentsaurrekoan.
"Frantziak 50.000 etorkin baino gehiago jasotzen ditu urtero; Italiak, berriz, 10.000 jasotzen ditu batez beste. Frantziaren ahalegina Italiarena baino bost aldiz handiagoa izan da, beraz", esan du.
Bestalde, Sarkozyk Europako barne mugen kontrola kentzeko ituna berriz hizpide hartuta esan duenez, Frantziak "bizirik jarraitzea” espero du, baina, bizirik irauteko, “aldatu” egin behar dela gaineratu du. Halaber, pertsonen joan-etorri askea "indartzeaz" gain, Kanpo Mugen Europako Agentzia (FRONTEX) indartu behar dela esan du.
Bilera horretan gutun bat idatzi diete Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteari eta Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteari.
Italiak zein Frantziak Europako Batasuneko gainerako kideei Schengengo Itunerako proposatzen dizkieten aldaketak jasotzen ditu gutun horrek. Gobernu bi horien arabera, baliteke Mediterraneoko etorkinen egoerak Europan pertsonen joan-etorri askearen gain eragina izatea eta herritarrek egungo ereduan konfiantza galtzea.
Gutun horretan, halaber, "Europako asilo erregimen komunaren" arazoa jorratu dute; Frantziak eta Italiak 2012. urtea bukatu baino lehen zehazteko eskatu dute.