Mundua -
FRANTZIA
Laurent Wauquiez Les Republicains alderdiko presidenteak dimisioa eman du
'Garaipenak kolektiboak dira; porrotak, indibidualak. Erantzukizuna nire gain hartu nahi dut. Pauso bat atzera emango dut', iragarri du telebistan eskainitako elkarrizketan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantzian, Les Republicains alderdiko presidenteak dimisioa emango duela iragarri du igande honetan, eskuineko alderdiak maiatzaren 26ko Europako hauteskundeetan erdietsitako emaitza txarren ondorioz.
TF1 telebista kateari eskainitako elkarrizketan iragarri du albistea: "Garaipenak kolektiboak dira; porrotak, indibidualak. Erantzukizuna nire gain hartu nahi dut. Pauso bat atzera emango dut. Les Republicains alderdiko presidente gisa dimisioa emango dut".
Wauquiez 2017ko abendutik izan da eskuineko alderdiko burua, eta gaur egun Auvernia Rhône-Alpeetako eskualdeko presidentea da. Haren esanetan, alderdia berreraikitzeko ez du "oztopo" izan nahi.
Maiatzaren 26ko hauteskundeetan, François-Xavier Bellamy zerrendaburu zuen Les Republicains alderdiak botoen % 8,48 lortu zituen, inoizko emaitzarik txarrena. Irabazlea, ostera, Marine Le Penen ultraeskuina izan zen.