Mundua -
HAUTESKUNDEAK DANIMARKAN
Zentro-ezkerreko blokeak irabazi ditu hauteskunde orokorrak Danimarkan
Lars Lokke Rasmussen lehen ministro liberalaren alderdiak porrota onartu du. Alderdi xenofoboak, ostera, hondoa jo du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sozialdemokratak buru dituen zentro-ezkerreko blokeak irabazi ditu atzo Danimarkan ospatutako Parlamenturako hauteskundeak, botoen % 49,1rekin, datu ofizialen arabera. Orain arte agintean egon den Lars Lokke Rasmussen lehen ministro liberalaren eskuineko blokeak, ostera, botoen % 43,5 lortu du.
Jyllands-Posten Danimarkako egunkariak jasotako emaitza ofizialen arabera, zentro-ezkerreko blokeak 91 eserleku lortu ditu, zentro-eskuinak 75 eskuratu dituen bitartean.
Zehazki, Alderdi Sozialdemokrata izan da lehen indarra (botoen % 25,9 eta 48 eserleku), liberalen aurretik (botoen % 23,4 eta 43 eserleku).
Mette Frederiksen Alderdi Sozialdemokratako buruak ziurtatu duenez, "garaipen historikoa da". "Boto-emaile maiteok, gehiengo berri baten alde eman duzue botoa eta Danimarkak Gobernu berri bat izan behar du", baieztatu du emaitzak ezagutu ostean eskainitako hitzaldian.
Gerora, Lars Lokke Rasmussen lehen ministro eta liberalen buruak bere porrota onartu du eta telefonoz deitu dio Frederiksen irabazleari. "Lagunok, Alderdi Liberalak hauteskunde emaitza onak lortu ditu, baina boterea eskuz aldatuko da", adierazi du.
Bestalde, DF immigrazioaren kontrako alderdi xenofoboak hondoa jo du, izan ere, 2015eko hauteskundeetan lorturiko babesaren erdia galdu du. Kristian Thulesen Dahl alderdiko liderraren esanetan, boto-emaileen mezua aintzat hartuko du. "Erantzukizuna nire gain hartuko dut", azpimarratu du.
Guztira, 4,2 milioi pertsona zeuden botoa ematera deituta 179 parlamentari aukeratzeko. Lehen datuen arabera, parte-hartzea % 84,5ekoa izan da, 2015ean baino puntu eta erdi baxuagoa.