Mundua -

HAUTESKUNDEAK

Tokayevek irabazi ditu Kazakhstango presidenterako hauteskundeak

Kasim-Yomart Tokayev hautagaiak botoen % 70,76 lortu ditu.

Kasim-Yomart Tokayev. Argazkia: EFE
Kasim-Yomart Tokayev
Kasim-Yomart Tokayev. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kasim-Yomart Tokayev hautagaia izan da nagusi igandean Asia erdialdeko Kazakhstan herrialdean presidentea aukeratzeko egindako hauteskundeetan, Hauteskunde Batzordeak astelehen honetan argitaratutako emaitza ofizialen arabera. Botoen % 70,76 eskuratu ditu.

Nursultan Nazarbayev buruzagiak martxoan karguari uko egin zionetik, Tokayev izan da presidente. Atzoko hauteskundeetan, 6,5 milioi boto-emaileren babesa lortu du. Nagusitasunez gailendu bada ere, urruti gelditu da Nursultan Nazarbayev buruzagi ohiak 2015eko bozetan erdietsitako % 98tik. Nazarbayev 1989tik 2019ko martxora arte egon da agintean.

Ikasketaz diplomazialaria, herrialde boteretsuenek eta inbertitzaileek gogokoen zuten hautagaia zen. Horien esanetan, trantsizio ordenatu bat gidatzeko pertsonarik egokiena da.

Bigarren tokian, lehen postutik urrun, Amirzhan Kosanov kazetari eta oposizioko kidea gelditu da, botoen % 16,2 eskuratuta. 2005eko hauteskundeetatik lehen aldiz aurkeztu da bozetara oposizioko kide bat. Herrialdearen historian lehenengoz, emakume bat aurkeztu da presidente kargura (Daniya Yespayeva) eta botoen % 5,2 eskuratu ditu.

Barne Ministerioak zabaldutako datuen arabera, 500 pertsona inguru atxilotu dituzte bart Nursultan hiriburuan eta herrialdeko bigarren hiririk handienean izandako protestatan. Manifestariek presidentetzarako hauteskundeei boikot egitea eskatzen zuten, Nazarbayev ordezkatzeko benetako alternatibarik ez dagoela iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Albisteak Gaur Albisteak Hauteskundeak gaur Asia azken ordukoa