Mundua -
ESTRADIZIO LEGEA
Ehunka mila pertsona kalera atera dira Hong Kongen, estradizio legearen kontra
Hautsak harrotu dituen estradizio legea 'behin behinean bertan behera' utziko duela iragarri zuen atzo Hong Kongeko Gobernuak, baina herriak behin betiko baliogabetzea eskatzen du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estradizio legea atzera botatzea eta Carrie Lam Hong Kongeko Gobernuko buruaren dimisioa eskatu dute ehunka mila pertsonak herrialde horretan gaur egin duten manifestazioan. Beltzez jantzita eta kartelak eskuan hartuta, "demokraziaren galera" eta Poliziaren "gehiegikeriak" salatu dituzte.
Minutu bateko isilunearekin abiatu dute protesta, pankarta bat jartzen ari zela andamio batetik erorita, atzo, hildako gaztearen heriotza salatzeko. Manifestari askok xingola beltzak eraman dituzte soinean, dolua adierazteko.
Protesta baketsua izan da, eta, asteon, estradizio legearen kontra izandako beste protestetan atxilotutakoak askatzeko eskatu dute manifestariek.
Hautsak harrotu dituen estradizio legea behin behinean bertan behera utziko duela iragarri zuen atzo Hong Kongeko Gobernuak, baina herritarren iritziz, ez da nahikoa neurria aldi baterako atzera botatzea, eta behin betiko baliogabetzea aldarrikatzen dute. Hainbat delitugatik atxilotutako pertsonak beste herrialde batzuetara, tartean Txinara eta Taiwanera, estraditatzea ahalbidetzen du estradizio legeak, horretarako eskaera zehatzik ez baldin badago ere.
Otsailean neurria iragarri zutenetik, protestek ez dute etenik izan Hong Kongen, baina joan den asteazkenekoa izan zen gogorrena. Orduan ere, ehunka mila pertsonak hartu zuten parte protestan, eta istilu gogorrak izan ziren, Poliziak manifestarien kontra kargatu ondoren. Negarra eragiteko gasak eta gomazko pilotak jaurti zituzten agenteek, eta gutxienez 81 pertsona zauritu zituzten, horietako bi, larri. Denera, 11 pertsona atxilotu zituzten.
Ekainaren 20rako dago deituta estradizio legearen bozketa Hong Kongo Parlamentuan, baina, orain, ikusteko dago zer gertatuko den.
Sindikatuek eta gizarte eragileek greba orokorra deitu dute biharko, eta Giza Eskubideen Fronte Zibilak gaur jakinarazi du bat egingo duela lanuztearekin.
Estradizio legearen bidez, herri mugimenduetako aktibistak edota Gobernuaren jardunarekin kritikoak diren kazetariak estraditatu nahi dituztela uste dute protesten deitzaileek.