Mundua -

Matxura

Itzalaldi batek argindarrik gabe utzi ditu Argentina eta Uruguai

Txileko eta Brasilgo eremu batzuetan ere izan du eragina itzalaldiak. Argentinak eta Uruguaik elektrizitate sistema partekatzen dute, Salto Grandeko ur bilduaren bidez.

Itzalaldia, Buenos Airesen. Argazkia: Efe
Itzalaldia, Buenos Airesen. Argazkia: Efe
Itzalaldia, Buenos Airesen. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elektrizitate interkonexioan izandako matxura baten ondorioz argindarrik gabe geratu dira Argentina eta Uruguai, eta Brasilgo eta Txileko zati batzuk, kaltetutako elektrizitate enpresek jakinarazi dutenez. Eskualde batzuetan zerbitzua bere onera itzultzen ari da.

"Elektrizitate interkonexio sisteman izandako matxura handi batek energiarik gabe utzi ditu Argentina eta Uruguai", zabaldu du Edesur hornitzaile argentinarrak sare sozaletan.

Hango goizeko zazpiak aldera izan da etenaldia (hemengo eguerdian), oraindik eguna argitzeke zegoenean, eta luze jotzen ari da eskualde gehienetan.

Uruguaiko elektrizitate hornitzaileen administrazioak "Argentinako sarean izandako matxura" bati egotzi dio itzalaldiaren errua.

Administrazioak azaldu duenez, "zerotik" jarri behar izan dute berriro abian zerbitzua. "Dagoeneko kostako hiri batzuetan zerbitzua itzuli da, eta dena bera onera etortzeko lanean jarraitzen dugu", azpimarratu du.

Itzalaldiak eragin berezia izan du Santa Fe eta San Luis Argentinako probintzietan, udal hauteskundeak ospatu behar zituzten eta. Itzalaldiak tren zerbitzua eten du, eta autobusena martxan badago ere, atzerapenak handiak dira argidun seinalizaziorik ez dagoelako.

Dagoeneko kritikak jasotzen ari da Argentinako Administrazioa itzalaldiari emandako erantzunagatik.

Argentinak (44 milioi biztanle) eta Uruguaik (3,4 milioi biztanle), elektrizitate sistema partekatzen dute Buenos Airestik 450 kilometrora eta Montevideotik 500era dagoen Salto Grandeko ur bilduaren bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaurko azken ordukoa Brasil azken ordukoa Latinoamerika albisteak Argentina Txile Elektrizitatea albisteak Uruguai