Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Donald Trumpek berriro ere AEBko presidente izateko kanpaina abiatu du Floridan

2020an egingo diren hauteskundeen begira, presidente estatubatuarrak immigrazioaren aurkako borroka eta mezu populistak izango ditu oinarri, 'Mantendu dezagun Amerika Handi' lelopean.

Donald Trump, kanpainako lehen ekitaldian. Argazkia: EFE
Donald Trump, kanpainako lehen ekitaldian
Donald Trump, kanpainako lehen ekitaldian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetan, Donald Trumpek bart abiatu du berriro herrialdeko presidente izateko kanpaina. 2020an egingo diren hauteskundeei begira, mezu populistak eta immigrazioaren aurkako politika izango dira, beste behin, bere kanpainaren erdian. Oraingoan, ordea, leloa aldatu du. "Egin dezagun Amerika handi berriz" leloaren ordez, "Mantendu dezagun Amerika handi" hautatu du.

"Bihotz eta arimarekin, gure izerdi eta indar gramo bakoitzarekin Amerika handi egiten jarraituko dugu", esan du Trumpek 25.000 jarraitzaileren aurrean Orlandon (Florida) egin duen kanpaina hasierako ekitaldian.

Trumpek bertan bildutakoen esku utzi du kanpainako leloaren aukeraketa. Bi aukera eman dizkie, "Egin dezagun Amerika handi berriz" eta "Mantendu dezagun Amerika handi", eta publikoak bigarrenaren alde egin du.

AEBko presidenteak gogor egin du demokraten aurka, eta herrialdea suntsitu nahia leporatu die. Horrez gain, Robert Mueller fiskalak Errusiaren esku-hartzeari buruz egindako ikerketaren ondorioak ez onartzea aurpegiratu dio Alderdi Demokratari.

Bestalde, 2016ko kanpainan bere gai kuttunetako bat berreskuratu zuen: immigrazioa. Migratzaileak herrialdearentzat mehatxu direla esan ondotik, horien aurka gogor egingo duela hitzeman du. Astelehenean iragarri zuenez, Immigrazio eta Mugak Kontrolatzeko Zerbitzuak egoera irregularrean dauden milioika migratzaile deportatuko ditu datorren astetik aurrera.

Bilera Xi Jinping Txinako presidentearekin

Donald Trumpek Orlandoko ekitaldia baliatu du hilabete bukaeran Xi Jinping Txinako presidentearekin batzartuko dela iragartzeko. G20aren bilera baliatuko dute bilera egiteko eta harreman komertzialei buruzko negoziazioak berriro abiatzeko. Txinarekin akordioa lortzea posible ote den galdetuta, ez du ezer argitu: "Ikusiko dugu zer gertatzen den".

Haren esanetan, Donald Trumpek 500.000 dolarreko defizit komertziala du Txinarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB 2024 Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump