Mundua -
Rubalcaba
Espainiak segurtasun neurriak handituko ditu hainbat enbaxadatan
Afrika iparraldean, Sahelen, Afganistanen eta Pakistanen lan egiten duten enpresekin eta borondatezko langileekin hitz egingo du Gobernuak, babes neurriak areagotu ditzaten.
Erredakzioa
Osama Bin Ladenen heriotzaren ostean, Gobernuak Afrika iparraldean, Sahelen, Afganistanen eta Pakistanen dituen enbaxadetako segurtasuna areagotuko du, eta herri horietan lan egiten duten enpresekin eta borondatezko langileekin hitz egingo du, segurtasun neurriak handitu behar dituztela jakinarazteko.
Alfredo Perez Rubalcaba lehen ministrordeak eman ditu ezagutzera neurri horiek, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearekin, Trinidad Jimenez Atzerri ministroarekin eta Carme Chacon Defentsa ministroarekin Moncloan bildu ostean.
"Ez dut uste Bin Ladenen heriotzak Espainiari arrisku gehigarria ekarriko dionik, baina baliteke Espainiaren atzerriko interesen aurkako errepresaliak egotea", esan du Rubalcabak. Ildo horretan, "datozen aste eta hilabeteak zailak" izan litezkeela gaineratu du.
Dena den, Rubalcabaren esanetan, oraingoz ez da terrorismoaren aurkako alerta maila handitu, altua baita eta nahikoa dela uste baitute, baina ez dute baztertu datozen egunetan aldaketaren bat egitea.
Bin Laden Ayman al Zawahirik ordezkatuko balu Espainiarentzat egoera aldatuko ote litzatekeen galdetuta, Rubalcabak esan du ez duela uste arriskua areagotuko denik Espainian, baina terrorismo islamiarraren aurkako arrisku maila altua dela ekarri du gogora, eta Al Kaidak Espainiatik gertuen duen "frankizia" Magrebeko Al Kaida dela azpimarratu du.