Mundua -

ESTRASBURGO

Europako Parlamentuak presidente berria izendatzeko bozketa egingo du gaur

Sozialdemokratek David Maria Sassoli italiarra proposatuko dute datozen bi urte eta erdian Europako Parlamentua gidatzeko.

Europako Parlamentua, barrutik. Artxiboko argazkia: EFE
Europako Parlamentua, barrutik
Europako Parlamentua, barrutik. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Parlamentuko osoko bilkurak ganberako presidente berria aukeratuko du gaur. Aurreikuspenen arabera, datozen bi urte eta erdian David Maria Sassoli hautagai sozialdemokrata italiarra izango du gidari. Atzo, Europar Batasuneko (EB) estatuburu eta gobernuburuek EBko karguen banaketa adostu zuten.

Europako Alderdi Popularra eta sozialdemokratak ados jarri dira Europako Parlamentuko presidentetza bien artean banatzeko, Manfred Weber kontserbadore alemaniarrak aurreratu duenez. Manfred Weber Europako Batzordeko presidente izateko hautagai kontserbadorea zen, baina azkenean oso litekeena da bi urte eta erdiz Europako Parlamentuko presidente izatea.

Beraz, Weberren arabera, hautagai sozialdemokrata izango da ganberako gidari legegintzaldiaren lehen bi urte erdian eta hautagai kontserbadorea, ostera, bigarrenean.

David Maria Sassoli ez ezik, hauek ere aurkeztu dituzte Europako Parlamentua gidatzeko: Ska Keller alemaniarra (Berdeen hautagaia), Jan Zahradil txekiarra (kontserbadore eta erreformisten presidentea) eta Sira Rego espainiarra (Unidas Podemoseko europarlamentaria). Oraingoz hautagaiak lau badira ere, bozketa eta bozketa artean hautagai berriak aurkeztu eta erretiratu daitezke.

Osoko bilkura 09:00etan hasiko da hautagaien hitzaldiarekin; bakoitzak bost minutuko tartea izango du. Ondoren, bozketen erronda hasiko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea EB Europako herrialdei buruzko albisteak Europako hauteskundeak emaitzak online Europako Parlamenturako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Europako Parlamentua