Mundua -

Arrisku sismikoaren aurrean

Japoniako lehen ministroak beste zentral nuklearra gelditzea agindu du

Hamaoka zentral nuklearrak hiru plaka tektoniko elkartzen diren zonalde batean aurkitzen da eta horren ondorioz, datozen 30 urteetan 8 gradutako lurrikara bat sortzearen beldur da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Naoto Kan Japoniako lehen ministroak lanak gelditzeko eskatu dio Hamaoka Tokiotik hego-mendebaldera dagoen zentral nuklearra kudeatzen duen enpresari, zonaldean dagoen arrisku sismikoa ikusita.

Hamaokako zentrala Chubu Electric enpresak kudeatzen du eta Tokaiko kostaldean dago, hiru plaka tektonikok bat egiten duten toki batean. Horregatik, datozen 30 urteetan 8 graduko lurrikara izatearen beldur dira. Japoniako Zientzia Ministerioak jakinarazi duenez, % 37ko probabilitatea dago hori gertatzeko.

Kan lehen ministroaren arabera, Shizuoka probintziako zentral nuklear honen erreaktore guztiak gelditu behar dira, tsunami edo seismo handi bati aurre egiteko segurtasun neurri nahikoak izan arte.

Chubu Electric enpresak, Japoniako enpresa elektrikoetan hirugarrenak, Hamaokako zentral nuklearreko bi erreaktore geldituko ditu; erreaktore horiek 2.500 megawatt sortzen dituzte. Beharrezko segurtasun neurriak hartzen dituzten arte egongo da zentrala geldirik.

Egun, zentral nuklear horretan 4. eta 5. erreaktoreak daude martxan. 1. eta 2. erreaktoreak aldiz, desegin egin dituzte. Chubu Electric enpresak lanak egin nahi ditu 3. erreaktorean, uztailan ikuskapenak egin ostean.

Lau zentral nuklear martxan jarri gabe daude oraindik martxoaren 11tik, lurrikararen ostean automatikoki gelditu zirelako, eta Japoniako argi-hornidura gutxitzea eragin du horrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea