Mundua -

Erlijioen arteko gatazka

10 hildako Egipton, kristauen eta musulmanen arteko enfrentamenduetan

Larunbatean izan ziren borroketan, gainera, 186 lagun zauritu ziren. Armadak esku hartu du eta gas negar-eragileak erabili ditu gatazkaren bi aldeak banatzeko.

Eliza bat sutan, musulmanen eta kristau arteko enfrentamenduak direla eta. (Argazkia:EFE)
Eliza bat sutan, musulmanen eta kristau arteko enfrentamenduak direla eta. (Argazkia:EFE)
Eliza bat sutan, musulmanen eta kristau arteko enfrentamenduak direla eta. (Argazkia:EFE)

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 10 lagun hil dira eta 186 zauritu, larunbatean Kairon musulmanen eta kristauen artean izandako enfrentamenduetan, MENA estatuko albiste agentziak eman dituen datuen arabera.

Enfrentamenduak 500 bat musulman salafista Kairoko Santa Maria eta Santa Mina elizen inguruan kontzentratu zirenean hasi ziren. Salafisten helburua, antza, Islam erlijiora bihurtu zen emakume bat eramatea zen, euren ustez, bere borondatearen aurka atxikita zeukatelako tenpluan.

Borrokak hasi bezain laster, bi komunitateetako kideek suzko armak, harriak eta lehergailuak erabili zituzten. Azken balantzean zenbatu duten hildakoetako bat gainera, eliza baten barruan agertu da, MENA agentziaren arabera. Reuters agentziak frogatu ahal izan duenez, inguruko beste eliza bati ere su eman diote eta kalte nabarmenak jasan ditu.

Agintariek armadako eta poliziako kideak bidali zituzten blindatutako ibilgailuetan borrokak eteteko asmoz. Gatazkaren bi aldeak banatzeko, lekukoek esan zutenez airera tiro egin eta gas negar-eragileak erabili zituen armadak.

Larrialdi bileraEssam Sharaf, Egiptoko Lehen ministroak Gobernuaren larrialdi bilera deitu du enfrentamenduak aztertzeko asmoz. Bertan behera utzi du gainera, Persiako Golkora egitekoa zuen bisita. Egiptoko kristau komunitateak 80 milioi biztanleen %10a osatzen du eta hainbatetan salatu du tratu diskriminatzailea jasaten duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea