Mundua -
KOLONBIA
Kolonbiako Auzitegi Gorenak Jesus Santrich FARCeko buruzagi ohia atxilotzea agindu du
Gainera, Santrich bilatzeko agindu dio Interpoli. Jesus Santrich droga trafikoari lotutako saio batean deklaratzera deituta zegoen, baina ez da agertu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kolonbian, Auzitegi Gorenak Jesus Santrich FARCeko buruzagi ohi eta Ordezkarien Ganberako kidea atxilotzeko agindu du. Droga trafikoari lotutako saio batean deklaratzera deituta zegoen astearte honetan, baina ez da agertu. Aitzitik, bere abokatuak bidali ditu bere ordez.
Halaber, Jesus Santrich bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua aktibatzeko eskatu dio Interpoli.
09:15erako deituta zegoen epaitegian, baina ez da hitzordura azaldu. Eduardo Matyas eta Gustavo Gallardo haren abokatuak bai, eta ateak itxita magistratuekin egin duten bileran, Jesus Santrich epaitzeko eskumenik ez dutela argudiatu dute. Ekainaren 30az geroztik ez dute haren berririk.
Jesus Santrich hainbatetan atxilotu eta espetxeratu izan dute, narkotrafiko delituak leporatuta. Iazko apirilean, Ameriketako Estatu Batuen (AEB) eskariz atxilotu zuten. Zehazki, Kolonbiako Gobernuak eta FARCek sinatutako bake akordioa indarrean sartu ondoren ere (2016ko abenduaren 1ean) narkotrafikoarekin jarraitzea egozten diote. Azkenean, ordea, maiatzaren 30ean aske utzi zuten.