Mundua -
Iragarpena
Bere gizonak Al Zawahiriren aginduetara jarri ditu Irakeko Al Kaidak
Abu Baker al Huseini al Bagdadi Irakeko Estatu Islamiarraren bozeramaileak egin du iragarpena, webgune batean ezarritako komunikatu batean.
Erredakzioa
Ayman al Zawahiri Al Kaidako buruzagiaren (orain arte Bin Ladenen menpeko) aginduetara jarri ditu bere gizon guztiak Irakeko Estau Islamiarra izeneko taldeak. Honenbestez, Osama Bin Ladenen ordezkoa izateko babesa eman dio talde terrorista horrek.
Abu Baker al Huseini al Bagdadi Irakeko Estatu Islamkiarraren (talde terroristen pilaketa) bozeramaileak egin du iragarpena, webgune batean ezarritako komunikatu batean. Iragarpena benetakoa den ala ez ezin izan dute egiaztatu, baina islamiarrek erabili ohi duten atari batean egin dute.
Al Mula Nazim al Yaburi Al Kaidaren inguruko adituak azaldu duenez, "komunikatuak Al Zawahiriri garai berri batean Bin Ladenen ordezkoa izateko babesa eman dio".
Erakunde hierarkikoa
Al Kaida erakunde hierarkikoa dela azpimarratu du adituak. Al Kaidaren barnean taldeak eta federazioak daude, eta horietako bakoitzak Bin Ladenen ordezkoaren inguruko iritzi bat izango du.
"Al Zawahirik Bin Ladenen ordezkoa izateko aukera gehien ditu gehiengoarentzat", Al Yaburiren hitzetan. Izan ere, "2004az geroztik komunikabideetan, ekitaldi erlijiosoetan eta zibiletan gehien agertu den buruzagia da", erantsi du.
Gainera, Arabiar Penintsulako, Magrebeko eta Afganistango Al Kaidak "Bin Ladenen heriotzaren ostean, Al Zawahiri ondorengo bezala onartzea" ez du baztertu Al Yaburik.