Itxi

2019/07/16

21:44

Mundua

Europako parlamentua

Von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu du Europako Parlamentuak

Agentziak | Erredakzioa

Datozen bost urteetan beteko du zeregin hori, osoko bilkuran aldeko 383 boto lortu ostean, alegia, gehiengo osoa lortzeko beharrezkoak direnak baino bederatzi boto gehiago.

2:25
Von der Leyen
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ursula von der Leyen kontserbadore alemaniarra Europako Batzordeko presidente izendatu du Europako Parlamentuko osoko bilkurak astearte honetan, aldeko 383 boto lortuta; alegia, gehiengo osoa lortzeko beharrezkoak direnak baino bederatzi boto gehiago. Datozen bost urteetan beteko du zeregin hori.

2005etik Angela Merkelen kabineteko kidea da Von der Leyen (60 urte). Gaur egun, Alemaniako Defentsa ministroa da, eta, 1958az geroztik Europako Batzordeak hamabi presidente izan baditu ere, bera izan da presidentzia eskuratuko duen lehen emakumea.

Bozketaren emaitza ezagutu ostean, Von der Leyenek boto-emaileek emandako konfiantza eskertu du. Ildo horretatik, "besteen aurka egin beharrean, Ekialde Hurbiletik Mendebaldera eta iparraldetik hegoaldera elkartu eta etorkizunaren alde borrokatzeko prest" dagoen Europan bertan uzten duten konfiantza dela ziurtatu du.

Kontserbadore alemaniarrak nabarmendu duenez, "Europak elkarrekin egingo die aurre egungo erronka handiei", eta haren lana "orain" hasten dela erantsi du.

Europako Batzordean ordezkatuta dauden taldeek kontserbadore alemaniarrak emaitza hobeak lortuko zituela uste zuten bozketa egin aurretik. Izan ere, bazirudien haren hautagaitza babestuko zutela Europako Alderdi Popularraren 182 eurodiputatuek, aliantza sozialista eta aurrerakoietako ehun ordezkariek eta Europa Berritu talde liberaleko 108 eurodiputatuek (lehen Liberalen eta Demokraten Aliantza zena).

Batuketa hori eta Italiako Bost Izar Mugimendua (14 eurodiputatu) bezalako beste talde gutxitu batzuen babesa kontuan izanda, kontserbadore alemaniarrak 400 boto baino gehiago lortu behar zituen. Alabaina, bozketa sekretupean egiteak mesede egin dio kide batzuei, iragarritakoaren kontra bozkatu dutelako (gutxienez hogei ordezkarik). Gauzak horrela, azkenean gehiengo osoa (374 boto) lortzeko beharrezkoak direnak baino bederatzi boto gehiago besterik ez ditu lortu von der Leyenek.

Europako Parlamentuan egindako hitzaldia

"2050ean, Europa klima gaietan lehen kontinente neutroa izatea nahi dut", esan du Europako Parlamentuko osoko bilkuraren aurrean egin duen hitzaldian. Lurralde bat neutroa dela esan ohi da, hain zuzen ere, atmosfera xurgatzeko gai den substantzia toxiko kopurua baino gehiago igortzen ez duenean.

"2030erako emisioak % 40 murrizteko gure helburua ez da nahikoa. Harago joan behar dugu, anbizioa izan behar dugu. CO2 emisioak % 50 edo % 55 murriztu behar ditugu 2030erako", azaldu du.

"Europarako politika berde berri bat proposatuko dute nire agintaldiko lehen 100 egunetan. Klimarako lehen Europako legea proposatuko dut 2050erako helburuak lege zehatzetan gauzatzeko", iragarri du. Haren esanetan, "eskala handiko" inbertsioak egin beharko dira horretarako, eta funts publikoekin ez da nahikoa izango.

Bestalde, Europar Batasunak aurretik dituen erronkak aipatu ditu: populazioaren zahartzea, krisi klimatikoa eta digitalizazioa. Migrazioaren gaiari dagokionez, itsasoan jendea salbatzea "betebeharra" da.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;