Mundua -
AEB-KO KONGRESUA
AEBko Ordezkarien Ganberak Trumpen tuit 'arrazistak' gaitzetsi ditu
Behe-ganberak onartutako gaitzespen testuaren arabera, "estatubatuar berriekiko eta beltzekiko beldurra eta gorrotoa" sustatzen dituzte Trumpen adierazpenek.
Agentziak | Erredakzioa
AEBko Behe-ganberak Donald Trump presidentearen tuitak gaitzesteko ebazpena onartu du. Trumpek lau kongresista demokratari "beren herrietara itzultzeko" eskatu zien igandean. Emakumeok latinoak, musulmanak edo beltzak dira, baina herritartasun estatubatuarra dute.
"Lau kongresista horiek iraindu ez ezik, beste herriren batean jaio eta AEBrako bidea hartu zuten 22 milioi estatubatuarrak ere iraintzen ditu", esan du Jamie Raskin legegile demokratak (gaitzespen testuaren bultzatzaileetako bat).
Bozketan (240-187) demokrata guztiek gaitzespenaren alde egin dute. Trumpen adierazpenok eztabaida handia sortu dute gizartean.
"Zergatik ez dira beren herrietara itzultzen eta laguntzen dute erabat apurtuta eta hilketaz josita dauden beren herriak konpontzen", galdetu zuen Trumpek Twitter bidez.
"The Squad" (Brigada) gisa ezagunak diren Behe-ganberako lau emakumeak aipatu ditu Trumpek. Guztiak dira estatubatuarrak, horietako hiru AEBn jaio baitziren, eta laugarrena Muqdishokoa (Somalia) da, baina AEBko herritartasuna dauka.
Horrenbestez, Ordezkarien Ganberak Trumpen hitzak gaitzetsi ditu, "estatubatuar berriekiko eta beltzekiko beldurra eta gorrotoa legitimotzat hartzen baitute", bertan onartu duten testuaren arabera.