Mundua -
228 lagun hil ziren
Rio-Paris hegaldiko bi kutxa beltzak aztertzen hasi dira
Ezbeharra 2009ko ekainean jazo zen, Rio de Janeiro-Paris hegaldia egiten ari zen hegazkina ozeano Atlantikora erortzen. 228 pertsona hil ziren istripuan, tartean 61 frantziar eta beste 58 brasildar.
Erredakzioa
2009an Atlantikoan istripua izan zuen Air France hegazkinaren bi kutxa beltzak gaur heldu dira Frantziara eta, dagoeneko, kutxak aztertzeko lanak hasi dira, istripuaren nondik-norakoak aztetzeko xedez.
Aire Segurtasunerako Ikerketa Bulegoak (BEA) aztertuko ditu kutxak, baina hiru egun barru ezagutuko dira ikerketaren lehenengo emaitzak. Hegaldiaren parametroak jasotzen dituen kutxa "egoera onean" dagoela adierazi dute, baina kabinako elkarrizketak jasotzen dituena erasanda omen dago.
Ikertzaileek A330 hegazkinaren motorretako bat berreskuratzea lortu dute eta baita ordenagailuaren hainbat informazio jasotzen dituen kapsula bat ere. Aurkikuntza hauek&' || 'nbsp; ikerketarako garrantzitsuak izango direla iritzi diote.
Frantziak apirilaren amaieran hasi zuen biktimen eta hegazkinaren hondakinen erreskatea. Rio de Janeiro-Paris hegaldia egiten ari zen hegazkina 2009ko ekainean erori zen Atlantikoan. 228 pertsona hil ziren istripuan, tartean 61 frantziar eta beste 58 brasildar.
3.900 metroko sakoneratik biktima horietako biren gorpuak erreskatatzea lortu dute adituek, baina egoera txarrean. Hala ere DNA aztarnak hartuta identifikatu ahal izango dituzte.
Frantziako prentsak jaso duenez, ikerketaz arduratzen diren bi epaileek egoera "oso txarrean" dauden gorpuzkinak ez erreskatatzeko agindu dute, biktimen eta senitartekoen duintasuna ez urratzeko.
Adituek gaineratu dute bestalde, gorpuzkin askok,&' || 'nbsp; itsasotik kanporako tenperatura aldaketa ezin izango dutela jasan.