Mundua -

Sutea

Uda honetako suterik bortitzena itzaltzeko lanean ari dira Portugalen

800 suhiltzaile inguru ari dira lanean, baina dagoeneko 8.500 hektarea kiskali dira. 55 urteko gizon bat atxilotu dute, suteekin zerikusia duelakoan.

Uda honetako suterik bortitzena itzaltzeko lanean ari dira Portugalen. Argazkia: EFE
Uda honetako suterik bortitzena itzaltzeko lanean ari dira Portugalen. Argazkia: EFE
Uda honetako suterik bortitzena itzaltzeko lanean ari dira Portugalen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbatean Vila de Rei udalerrian, Portugal erdialdean, piztutako sutea itzaltzeko lanean jarraitzen dute Portugalgo suhiltzaileak. Tokiko agintariek uda honetako suterik bortitzena dela ziurtatu dute.

Portugalgo Babes Zibilak azaldu duenez, kontrolpean hartu dute jada suak kiskali duen eremu gehiena (% 85), baina sutearen perimetroa 50 kilometrotik gorakoa denez, kezkatuta daude eguraldiarekin.

"Lan handia dugu aurretik", azaldu du Luis Belo Costa komandanteak. Ildo horretatik, oso kezkatuta agertu da tenperatura altuekin eta haizearen norabidearen aldaketarekin; orain hego-mendebalderantz jotzen baitu eta horrek lana zailtzen duelako.

800 suhiltzaile inguru ari dira garrak kontrolpean hartzeko lanean, eta, azken orduetan, aireko laguntza gehitu zaie.

Agintariek ez dute oraindik sutearen irismenaren inguruko daturik eman, baina dagoeneko 8.500 hektarea kiskali direla esan du Trás-os-Montes Unibertsitateko Su Laborategiak.

Castelo Branco barrutian larunbatean piztu ziren bost suteetako bat besterik ez da Vila de Reikoa, izan ere, Sertã eskualdean beste lau su piztu ziren, baina horiek atzo hartu zituzten kontrolpean.

Vila de Rei, Mação eta Sertã udalerrietan izandako suteen eraginez hainbat herrixka osorik hustu behar izan dituzte. Garrek 20 zauritu utzi dituzte, horietako bat larri, eta Lisboako ospitale bateko erreen unitatera eraman dute.

Suhiltzaileek sua itzaltzeko lanekin jarraitzen duten bitartean, agintariak suteak zerk edo nork eragin dituen ikertzen hasi dira. Horren harira, Eduardo Cabrita Portugalgo Herri Administrazioetarako ministroak esan duenez, harrigarria da eskualde berean piztutako bost suteak aldi berean hasi izana. Gauzak horrela, nahita eragindakoak izan litezkeela uste dute ikerlariek.

Horrez gain, Portugalgo Polizia Judizialak 55 urteko gizon bat atxilotu du Castelo Branco hiritik gertu, sua pizteko prest zegoenean. Hala, suhiltzaileen "esku-hartze azkarrari esker" egoera kontrolpean hartzea lortu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Suteak bideoak Eguneko albisteak Albisteak Portugal albisteak Udako azken ordukoa