Mundua -
Errusia
Mila manifestari atxilotu dituzte Moskun, hauteskunde justuak eskatzeko martxa batean
Protesta hasi aurretik, irailaren 8ko udal hauteskundeetan parte hartzeko izena eman nahi zuten oposizioko hautagai batzuk atxilotu dituzte erdigunean.
Agentziak | Erredakzioa
Errusiako Poliziak mila manifestari baino gehiago atxilotu ditu larunbat honetan Mosku erdigunean, baimendu gabeko martxa batean “hauteskunde askeak eta justuak” eskatzen zituztenean. Izan ere, irailean izango diren udal hauteskundeetan parte hartu nahi duten oposizioko 57 hautagairi izena ematea galarazi die hauteskunde batzordeak.
Protesta hasi aurretik, udal hauteskundeetarako izena eman nahi zuten oposizioko hautagai batzuk atxilotu dituzte, tartean Dmitri Gudkov diputatu ohia, Ivan Zhdanov Navalni ustelkeriaren aurkako funtseko zuzendaria, eta Yulia Galiazmina.
Alexei Navalni oposizioko burua uztailaren 24an atxilotu zuten, eta 30 eguneko atxiloaldia betetzen ari da, herritarrak gaurko manifestazioan parte hartzera deitzea leporatuta. Liubov Sobola ere hiriaren erdigunean atxilotu dute. Navalniko kolaboratzaile estua dena, gose greban dago gaur egun, irailaren 8ko udal hauteskundeetan hautagai gisa aurkeztea debekatu diotelako Moskuko agintariek.
Istiluen aurkako agenteek gaurko manifestazioan izan diren herritarrak sakabanatu dituzte, aurreko larunbateko martxan -baimenduta zegoena- milaka herritar bildu ostean. Poliziaren arabera, 12.000 manifestari elkartu ziren egun horretan, eta 22.400 herritar, berriz, manifestariak zenbatzean aditua den Contador Blanco elkartearen esanetan.
Hauteskunde justuak eskatzeko martxa, Mosku erdigunean. Argazkia: EFE
Larunbat honetan 3.500 lagun zenbatu ditu Moskuko Poliziak, baina bestelako iturriek oraindik ez dituzte parte-hartze datuak eman. Tverskaya kaleko erdialdean, Moskuko udaletxea dagoen lekuan, ehunka furgoi polizial aparkatu dituzte etorbidearen bi aldeetan, atxilotuak berehala eramateko.
Manifestariak oso haserre agertu dira Moskuko agintariekin, oposizioko 60 bat hautagairi irailaren 8an izango diren udal hauteskundeetara aurkeztea galarazi dietelako. Gauzak horrela, “lotsagarria”, “Errusia askea izango da” edota “Putin, lapurra” bezalako oihuak entzun dira behin baino gehiagotan Mosku erdigunea zeharkatu duen martxan.
Oposizioak azken asteetan jasotako milaka sinadurak manipulatzea leporatu die Moskuko agintariei. Antza denez, sinadura horiek erregistro elektronikoan islatzerakoan akats ugari egin dituzte. Bien bitartean, Moskuko hauteskunde batzordeak argi eta garbi esan du oposizioko hautagaiek iruzur egiten saiatu direla, existitzen ez diren 10.000 pertsona inguru zerrendetan sartu dituztelako.
Errusiako oposizio demokratikoak, 2021eko hauteskundeetan Errusiako Diputatuen Ganberara sartu ahal izateko lehen urrats gisa ikusten ditu irailean izango diren udal hauteskundeak.