Mundua -

Mugen kontrola

Danimarkako mugen kontrolengatik espedientea zabaldu dezake Europak

Europak Danimarkarekin hitz egiten jarraitzeko prest dago, baina baliabide guztiak erabiliko ditu europarren eskubideak babesteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cecilia Malmstrom Europako Barne komisarioak azaldu duenez, Europako Batzordeak Danimarkaren kontrako espedientea zabaldu dezake herrialde horrek Alemania eta Suediako mugetan ezarri nahi dituen etengabeko kontrolak direla eta.

"Komisioa Danimarkarekin hitz egiten jarraitzeko prest dago. Baina, beharrezkoa izatekotan, ditugun erreminta guztiak erabiliko ditugu europar eskubidea errespetatzeko", adierazi du Malmstromek agiri batean.

Aurretik, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak esan du gutun bat bidaliko diola Danimarkako Gobernuari; izan ere, neurri horrekin baliteke erkidego-legeria urratzea.

Danimarkak mugen kontrolak berriz jarriko dituela errepikatu du, Peter Christensen Zerga ministroak azpimarratu duenez. Christiensenen hitzetan, Europako Batzordearen kritikak "gaizkiulertu" baten ondorio dira.

"Suediarrek urteetan zehar izan duten mugen kontrolaren antzekoa ezarriko dugu, eta horretarako Schengen Itunak baimena ematen du", esan du Christensenek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea