Mundua -
Gatazka
Gutxienez 15 lagun hil ditu Israelek Nakbaren oroimen ekitaldian
Gainera, 100 pertsona inguru zauritu dira, adingabeak gehienak, Israeleko tankeen metrailak jota. Lekukoen arabera, tankeek tirokatu dituzte manifestariak.
Erredakzioa
Gutxienez 15 palestinar hil egin dira eta beste 200 zauritu Israeleko Armadak Gazako Zerrendan egindako tiroengatik, osasun iturriek jakitera emandakoaren arabera.
Aurretik, eta iturri militaren arabera, Israeleko Armada tiroka hasi da, behartuta, Nakba (Hondamendia) oroitzeko bildutako manifestariak mugara hurbildu direnean. Nakbaren bidez, 1948an, Israeleko Estatua sortu eta palestinarren herriak jasandako erbestea eta lurren jabetzaren galera gogoratzen dute.
Biktima gehienak adingabeak dira, Israeleko tankeen Beit Lahia palestinar hiriaren kontra botatako metrailak zaurituta. Informazioa Adham Abu Seleya Gazako larrialdietako zerbitzuen bozeramaileak eman ditu.
Lekukoen arabera, milaka pertsona lurraldeko iparralderantz abiatu dira, Israeleko mugara, eta bertan zeuden tanke israeldarrek lau aldiz tirokatu dituzte manifestariak.
Gazan egindako ekitaldi politikoan 10.000 pertsona bildu dira eta Ismael Haniye Hamaseko liderrak adierazi duenez, palestinarrek israeldarren okupazioari aurre egiteko eta 1948an galdutako lurrak berreskuratzeko eskubidea dute.
2007tik lehen aldiz bildu dira palestinar talde ezberdinak Gazako zerrendan Nakba ospatzeko. Hori posiblea izan da hil honen hasieran palestinarrek Kairon sinatutako adiskidetzeari esker.