Mundua -
LURRIKARAK
5,1 graduko lurrikara batek Ekuador astindu du, biktimarik eragin gabe
Guayas probintzian, Ekuadorko hego-mendebaldean, 04:28ak aldera gertatu da (11:28ean Euskal Herrian), Tauratik 18 kilometro hego-ekialdera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guayas probintziaren kostaldean, Ekuadorko hego-mendebaldean, 5,1 graduko sismoa jaso da. Orain arte, lurrikarak ez du biktimarik ezta kalte materialik eragin.
Lurrikara 04:28ak aldera izan da (11:28ean Euskal Herrian), 57 kilometroko sakoneran, Taura udalerritik 18 kilometro hego-ekialdera, Ekuadorko Eskola Politeknikoko Geofisika Institutuak iragarri duenez.
Guayaseko zenbait udalerritan zein probintzia horren gertu dauden Azuay, Chimborazo, El Oro, Cañar eta Los Rios probintzietan nabaritu dute sismoa, Ekuadorko Larrialdien Kudeaketa Zerbitzuaren arabera.
Gainera, Andeetako Bolivar eta Loja probintzietan, Manabi kostaldeko probintzian eta Amazonetako Zamora Chinchipe probintzian ere arinki igarri dute.
Lenin Moreno Errepublikako presidenteak lasaitasuna mantentzea gomendatu du bere Twitter kontuan.
Aurreko hondamendi naturalak
2016ko apirilaren 16an izandako 7,8 graduko lurrikara Ekuadorren azken urtetan jasotako hondamendi naturalen larrienetarikoa da.
Guztira, 670 pertsona hil eta milaka pertsona kaltetu ziren, eta milioika euroko kalte materialak utzi zituen. Kostaldean ere kokatuta dauden Esmeraldas eta Manabi probintzietan jaso zituzten kalte handienak.