Mundua -
Estatu Batuak
Gutxienez zazpi hildako eta 21 zauritu utzi ditu tiroketa batek Texasen
Polizia batek ibilgailua gelditzeko eskatu dionean hasi du erasoa gizon batek. Erasotzailea tiroz hil dute agenteek.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez zazpi pertsona hil eta 21 zauritu dira Texas mendebaldean izandako tiroketa batean, Estatu Batuetan. Poliziak tiroz hil du ustezko erasotzailea.
Michael Gerke Odessako Poliziako buruak azaldu duenez, erasotzailea ibilgailu batetik egin die tiro biktimei.
Gerkek esan duenez, ustezko erasotzailea 30 bat urteko gizon zuri bat zen, eta erasoan beste pertsona batek parte hartu duenik ukatu du.
Momentuz ez dakite zerk bultzatu duen erasoa egitera, baina polizia agente batek ibilgailua gelditzeko eskatu dionean hasi du tiroketa.
Hilketen ustezko egilea tiroz hil du Poliziak, Odessako Cinergy zinema aretoetako aparkalekuan.
Abuztuan, Estatu Batuetan komunitate latindarraren aurka inoiz egindako atentaturik handiena izan zen. 22 pertsona hil ziren El Pasoko tiroketan, Mexikoko mugatik gertu. Erasotzailea atxilotu egin zuten.
Ordu batzuk geroago beste tiroketa bat egon zen Daytongo (Oiho) aisialdi eremu batean. 9 pertsona hil ziren, eta erasotzailea tiroz hil zuen Poliziak.