Mundua -
Krisia
Estradizio lege polemikoa erretiratu du Hong Kongeko Gobernuak
Azken hiru hilabeteetan Hong Kongeko kaleak bete dituzten manifestariek egindako bost eskarietako bati erantzun dio honela Gobernuak.
AGENTZIAK
Estradizio lege polemikoa behin-betiko atzera bota duela iragarri du Carrie Lam Hong Kongeko Gobernuaren buruak. Azken hilabeteotan manifestazio jendetsuak egin dituzte Hong Kongen, horren aurka protesta egiteko. Presio horrek bultzatuta, ekainean behin-behinean eten zuen legea Gobernuak.
"Manifestariek egindako bost eskariak aintzat hartuta, (estradizio) lege proiektua eteteko erabakia iragarri nuen eta gaur legea hilda dagoela argi utzi nahi dut", esan du Carrie Lamek bertako telebistan zabaldutako hitzaldian.
Aurrez grabatutako hitzaldian Lamek jakinarazi duenez, gizarteko sektore ezberdinekin elkarrizketa sustatuko du eta "lau ekintza" iragarri ditu horretarako.
Azkenean, beraz, manifestariek egindako bost eskarietako bat bete du Carrie Lamek. Manifestariek hiru hilabete daramatzate kalean Txinarako estradizio lege proiektuaren eta Beijingo Gobernuaren nagusitasunaren kontra protesta egiten.
Estradizio lege proiektua erretiratzea ez ezik, beste lau eskari egin dizkiote manifestariek Hong Kongeko gobernuburuari: protestatan atxilotuen aurkako karguak erretiratzea, manifestazioei "matxinada" ez deitzea, herritarrek bertako gobernua sufragio unibertsalaren bitartez aukeratzea eta Poliziaren indarkeria ikertzeko batzorde independente bat eratzea. Aitzitik, Lamek ez ditu eskari horiek aintzat hartu.
Carrie Lamen hitzetan, protesten ostean argi gelditu da herritarren "atsekabea" lege proiektutik harago doan zerbait dela eta kezka politikoak, ekonomikoak eta sozialak daudela sentimendu horren atzean. Hori dela eta, batzorde independente baten sorrera iragarri du, gizartean sustraitutako arazoak hauteman eta Gobernuari horiei konponbidea bilatzen laguntzeko.
Kaleko protesta jendetsuen ondorioz, Hong Kongeko gobernuburuak ekainaren 15ean utzi zuen bertan behera lege proiektuaren tramitazioa, baina orduan ez zuen hura atzera botatzeko erabakirik hartu.
Manifestarien arabera, Txinarekin duten mendekotasuna handituko luke lege horrek. Horregatik, mobilizazioek ez dute etenik izan ekainaz geroztik, eta manifestariek salatu dute araua baliogabetu ezean Gobernuak noiznahi abia zezakeela tramitazioa, 2020an legealdia bukatu baino lehen.
Hasiera batean, izapideak etetea baina lege proiektua bere horretan uztea defendatu zuen Lamek, eta argi utzi zuen Gobernuak lege hori aurrerago bultzatzeko eskubidea zuela. Tramitazioa eten eta bi egunera, baina, ia bi milioi pertsona atera ziren kalera, proiektua baliogabetzea eskatzera, eta ordutik mobilizazioek ez dute etenik izan.