Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
John Bolton Segurtasun Nazionalerako aholkularia kargugabetu du Trumpek
Donald Trump 2017tik da AEBko presidente eta harrezkero hiru aholkuari kendu ditu kargu horretatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak John Bolton Segurtasun Nazionalerako aholkularia kargugabetu du astearte honetan, bien arteko "desadostasunak" direla eta.
"Bart jakinarazi diot John Boltoni Etxe Zurian ez dutela bere beharrik. Hark emandako aholku askorekin ez nago ados, ezta Gobernuko beste kide batzuk ere", adierazi du Trumpek Twitterren idatzi duen mezu batean.
"Hori dela eta, kargua uzteko eskatu nion, eta gaur goizean eman du dimisioa. Eskerrak eman nahi dizkiot egindako lanagatik. Datorren astean izendatuko dut Segurtasun Nazionalerako aholkulari berria", erantsi du.
Ipar Korearen eta Iranen aurka gerra abiatzearen aldekoa zen Bolton. AEBk Venezuelan erabili duen estrategiak porrot egin izanaren ardura egotzi dio, besteak beste, Trumpek Boltoni.
Trump 2017ko urtarriletik da AEBko presidentea, eta Segurtasun Nazionalerako hiru aholkulari kendu ditu kargutik ordutik: Michael Flynn, H.R. McMaster eta John Bolton.
Etxe Zuriak bidalitako agendaren arabera, Boltonek ekitaldi instituzional batean hartu behar zuen parte gaur, Mike Pompeo Estatu idazkariarekin eta Steven Mnuchin Altxor Publikoko idazkariarekin batera.
Boltonek berak ere mezu bat idatzi du sare sozialetan, eta Trumpek esandakoak zehaztu ditu: "Dimisioa eskaini nion atzo gauean Trumpi, eta 'bihar hitz egingo dugu horretaz' esan zidan".