Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
AEBn zigarro elektroniko zaporedunen salmenta debekatuko dute
Zigarro elektronikoaren erabileraren ondorioz hildako lehen pertsonen berri izan ostean iragarri du debekua Donald Trumpen administrazioak.
AGENTZIAK
Ameriketako Estatu Batuetan (AEB), Donald Trump presidentearen administrazioak zigarro elektroniko zaporedunak debekatzeko agindua eman dio AEBko medikamentu agentziari (FDA). Horrela, tabako zaporerik ez duten produktuak merkatutik at geldituko dira, mendazkoak eta mentol zaporekoak izan ezik.
Zigarro elektronikoaren erabileraren ondorioz sei pertsona hil direla -horietako hiru iragan ostiralean- ezagutu ostean eman du debekuaren berri Trumpen gobernuak. Azkena, 50 urtetik gorako emakume bat, asteartean jakinarazi dute.
Neurria datozen asteetan prest izatea espero du Trumpen gobernuak. Zigarro elektronikoa erabiltzen duten gazteen kopurua murriztu eta baimendu gabeko likidoen erabileragatik irekitako osasun krisia itxi nahi dute horrela.
Adierazpen instituzional batean Alex Azar Osasun eta Giza Zerbitzuetako idazkariak adierazi duenez, debekua indarrean sartzen denean gazteek tabako zaporeko zigarro elektronikoekiko interesa agertzen badute "neurri gehigarriak" hartuko dituzte.
Iragan astean, Gretchen Whitmer Michigango gobernadoreak zigarro elektronikoen salmenta debekatu zuen (debekua ezarri duen AEBko lehen estatua da).