Mundua -
Serbia
Ratko Mladic ustezko gerra kriminal bosniarra atxilotu dute
Jugoslaviako gerrako kriminal bilatuena zen. Genozidioa leporatzen diote Srebrenican musulmanak hiltzeagatik, Sarajevoko erasoagatik eta Bosniako gerran egindako krimenengatik.
Erredakzioa
Serbiako Poliziak Ratko Mladic ustezko gerra kriminal bosniarra atxilotu du gaur Serbian bertan, Noris Tadic Serbiako presidenteak jakinarazi duenez.
"Serbiako Errepublikaren izenean, Ratko Mladic atxilotu dutela iragar dezaket", adierazi du Tadicek. "Estradizio prozesua martxan da dagoeneko", gaineratu du. Tadicek zehaztu du Mladic Serbian atxilotu dutela, baina ezin izan du xehetasun gehiago eman. Era berean, "eskerrak" eman nahi izan dizkie militar ohiaren bilaketa lanetan "parte hartu duten guztiei".
Boris Tadicek ukatu egin die kazetariei atxiloketa garai honetan nahita egin dutela, Europar Batasunarekin negoziazioak hastear daudenean, baina aitortu du albiste horrek "Serbia Europar Batasunean sartzeko atea ireki" duela.
Presidente serbiarrak azpimarratu du atxiloketarekin herrialdeko "historiaren zati beltza" itxi dutela eta ez du uste orain "kaosa" sortuko dela atxiloketa dela eta. "Ikerketa irekiko dugu urteotan guztietan Mladici lagundu dietenak harrapatzeko", gaineratu du presidenteak. Gainera, Serbiak Goran Hadzic Jugoslaviarako Nazioarteko Zigor Epaitegiak eskatzen duen azken iheslaria ere atxilotuko dutela ziurtatu du.
RTS Serbiako Estatuko telebistak zabaldu dituen irudietan, Ratko Mladic atxilotua izan ostean agertzen da, Belgradoko auzitegira heldu denean.
Bideoak 15 segundoko iraupena dauka, eta Mladic zenbait poliziarekin agertzen da. Jeneral ohiak ilezuria dauka, txapela darama eta anorak moduko bat janzten du. Astiro mugitze da, baina zailtasunik gabe.
19:30ean heldu da Belgradoko Auzitegi Berezira, Bilc egunkariaren arabera. Maladic Hagako nazioarteko auzitegira estraditatuko dute. Catherine Ashtonen hitzetan, bederatzi edo hamar egunetan eramango dute Hagara.
Milorad Komadic
Mladic familiaren gertuko iturriek azaldu dutenez, Mladic Serbiako Inteligentzia Agentziak atxilotu du. Hasieran, Milorad Komadic izen faltsuarekin identifikatu omen da, baina gero bere nortasuna baieztatu ahal izan dute.